Disimulatzeko lanik ere ez dute hartzen jada. Gogoratzen Irakeko inbasioa zuritzeko “frogak”? Collin Powell jeneral estatubatuarra Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan Photoshopez sortutako irudi batzuk erakusten, Saddam Husseinen suntsipen handiko armak, munduarentzat mehatxu. Dena gezurra. Neurri handi batean gerra hark ernaldu zuen Siriako azken urteetako odolustea. Hamabost urte eta gero hau: apirilaren 14an AEBek, Frantziak eta Erresuma Batuak misilka ekin diote Siriaren kontra, astebete lehenago ustez Assaden indarrek egindako eraso kimiko bati erantzunez.
Baina Assaden erantzukizuna izan da eraso hori? Zer froga daude horretarako? “Informazio sorta bat”, “argazkiak”, “bideoak”, “sare sozialak”: Frantziako Atzerri ministroari falta izan zaio esatea Whatsappez abisua jaso ondoren sakatu duela botoi gorria. Le Drian da, Le Drian bera, duela bi aste eskas sare sozialetan hedatzen den “gorrotoaren” kontra hitz egin zuena, orain informazio iturri hori baliatzen bonbak jaurtitzen hasteko –gorrotorik gabe, hori bai–.
Zerbait aldatu da gerra inperialaren logikan 2003tik 2018ra, eta ez da onerako izan: misilak disparatzeko eskumena daukan txotxongiloak orain ez du premia handirik sentitzen iritzi publikoaren aurrean operazio militarra justifikatzeko. Gezurretan ari dira, badakite; denok dakigu. Baina horrek aspaldi utzi zion problema izateari, erabaki politikoak ez baitira hartzen gertatu den horretan oinarrituta, gertatzea komeni denaren gainean baizik. Eta beraz, esplikazio lauso batzuk aski dira. Aurrera, segi dezala suntsipenak, heriotzak, masakreak. Gerra baita bakea: Orwellen nobelan ikasi genuen.