Rubalcabaren ibilbide politikoa errepasatzen duenak nahiko azkar igarriko du: gizonaren eskuak zikinago daude putzu septikoa baino. Zuzeneko harremana izan du PSOEk Espainian gobernatu duenean egin dituen gauza kirastsuenetan. Zapateroren garaian Barne ministro, telebista-kamerei esaten tortura salaketa guztiak ikertzen direla –Europako Giza Eskubideen Auzitegiak kontrakoa ebatzi zuen–; GALen garaian Gobernuaren bozeramaile, behin eta berriz errepikatzen kontu horrekin zerikusirik ez zutela –sarean erraz aurkitzen da Rubalcabaren argazki bat, Barrionuevori eta Verari babesa adierazten Guadalajarako kartzela atarian–. Baina gatazka bakarra ETA zen, beste gauza horiek, zera, pekatutxoak.
Estatu-arrazoia bezain iluna da Rubalcaba, estoldetako politikari bat, institutuko irakasle baten itxura kaltegabe hori eduki arren. Itzalpean mugitu zalea, botere faktikoekin aireztatu gabeko sotoetan edukitzen diren elkarrizketetan; zeren hortik at, animalia izu eta itsusia da, irribarre egiten du eta badirudi norbaitek aurpegian zauri bat egin diola; ez luke boto-emaile bat ilusionatuko, ezta sei hilabeteko oporraldiak hauteskunde programan sartuta ere.
Presidente izateko lehiatu zenean, bere alderdia eraman zuen 1978tik ordura arte jasan zuen porrot handienera. Jada ez zegoen bonbarik, baina ezta botorik ere. 2014tik desagertuta dabil hedabideen lehen lerrotik, atzekoetara pasa delako, El País-en batzorde editorialean bukatu baitu. Martxa honetan, periodiko horren pertsiana ere berak jaitsiko du, bi gobernurekin egin zuen bezala. Bitartean, aurreratu digu zer mezu mota iritsiko den datozen egunetan irabazleen bafleetatik. Eta ze pereza ematen duen, aizue.