Kanbo eta Kanbodia: antzeko parezido

Gorka Bereziartua
0

Irakurri ote ditu Josu Erkorekak bere alderdiaren estatutuak? Enekoitz Esnaola Berria-ko kazetariak bai, eta honakoa aurkitu du oinarri nagusietan: “Euzko Alderdi Jeltzaleak Euzkadi du Aberritzat, eta euskaldun jendea bizi den Pirinioetako bi aldeetara dagoen lurraldetzat”. 2016an berretsi zuen Alfa eta Omegaren partiduak aberriaren definizio hori, Baluarte jauregian egindako VII. Batzar Nagusian. Alegia, Iruñean –Euskaditik kanpo?–.
Bai gauza elastikoa gure aberria: abertzaletasunaren subjektu politikoa Aturritik Ebroraino estiratzen da garaipen elektoralen igande gauetan; eta administratzen duguntxora mugatzen biharamunean, Excel taula ireki bezain pronto. Proiektu amankomunarentzat izen bat adostea ere ez da lortu oraindik –Euskadi? Euskal Herria? Azkenaldiko Basque Country postmo hori?–, eta Jaurlaritzako bozeramaileak pausotxo bat gehiago eman du, Kanbo eta Kanbodia distantzia psikopolitiko berdintsuan jarriz.
EAEko Gobernuak izango ditu, noski, benetako arrazoi taktikoak Kanboko ekitaldira ez joateko; baina zein diren publikoki esplikatzeko gogo handirik ez. Erkorekarena ez da, ordea, irtenbiderik eleganteena. Aitzakiak behar bazituen, guk baditugu hobeak. Adibidez: “Egun horretan lupia labean edukiko dut eta badakizu zenbat arreta eskatzen duen”. Edo: “Joango nintzateke, baina eske arratsaldea erdibitzen dit”. Aitzakia kulturalak ere funtziona: “Eta orain abisatzen didazu? Fito & Fitipaldisen kontzerturako sarrerak dauzkat, desolé, ezin dut joan”. Eta nola ez, familiak: “Ui, keba, keba, inposible: alaba asteburu osorako kanpora doa eta kotxea utzi behar izan diot”.
Denak ere aproposagoak, beste euskal herritarrei naziotasuna ukatzea baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA