Yanny ala Laurel

Gorka Bereziartua
0

Iritsi al zaizue Whatsappera audio hori? Badakizue, ingelesezko izen bat esaten duen zera: batzuek argi eta garbi “Yanny” entzuten dute, beste batzuek berriz, “Laurel”; alegia, bi izen oso diferente. Jarri lauzpabost lagun gela berean audio bera entzuten momentu berean: seguru ez direla ados jarriko. Eta klaro, egoera nahiko martzianoa da, “Laurel” entzuten baduzu pentsatuko duzulako “Yanny” entzuten dutenek belarrian kortxo baten tamainako tapoia daukatela. Eta alderantziz.

Bueno, ba kontu horrekin nahiko flipatuta dabil jendea ia mundu guztian. Hemen ez hainbeste, euskaldunok ohituta baikaude horrelako fenomenoetara EAJren azkenaldiko politikari esker. Goizean onartzen dizute EAErako Estatutu berriaren hitzaurre bat zeinean jasotzen diren erabakitzeko eskubidea, zazpi lurraldeak eta Espainiako Estatuarekin aldebiko harremana; arratsaldean Mariano “a por ellos” Rajoyren aurrekontuak salbatzen dituzte Katalunian 155. artikulua indarrean egon arren, horrek Hego Euskal Herrian ere izan ditzakeen ondorio eta guzti; eta handik bi egunera, Gürtel auziko sententziak esaten duenean PP, gutxi gorabehera, talde kriminal bat dela, prest daude PSOErekin flirt baterako, negozioa Rajoy tronutik kentzea bada ere.
Jokaldi horietatik zein den mugimendu taktikoa eta zein estrategikoa? Ba, “Yanny” eta “Laurel” aldi berean esaten duen audio horrekin bezala, bakoitzak entzuten du entzuten duena. Edo entzun nahi duena. Eta mundu guztia kontentu dagoela dirudi edo, mundu guztia kontentu daukala Alfa eta Omegaren partiduak, “eskatu eta emango zaizue” esaten duen bakoitzean agertzen baitzaio bere premian dagoen ilusoren bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA