Meme bat zen presidentea

Gorka Bereziartua
0

Berak espainiar izaten jarraituko du. Oso espainiar eta asko espainiar. Baina klaro, ez Espainiako presidente. Eta horrek dena aldatzen du. Hara hor zergatik daukan tragikomedia kutsua adierazpenak, zeinaren ondoren, dena argituko zen arratsalde hartan, ez zen itzuli lantokira, nahiago izan zuelako jatetxe batean ordu batzuk, asko, gehiegi pasa eta pixka bat nortea galduta atera –bigarren aldiz galduta: EAJren vendetta komunikatu zioten eguerdi hartan–.
Mariano, Mariano, Mariano Rajoy badoala Moncloatik, joan dela hau irakurtzen ari zarenerako; eta nik imajinatu nahi dut eszena: azkeneko aldiz etxe presidentzialetik ateratzen galtza motzetan eta zapatilak jantzita, korrika egitea ez den baina korrika egitearen antza eduki nahi duen ibilketa deportibo hori praktikatzen bizkartzainez inguratuta, azpikontratatutako langile-saldo batek birziklatzera botatzen dituen bitartean presidente ohiaren mahaian pilatutako Marca-ren zenbaki zaharrak.
Adio Mariano, hitz bustiko gizona, sintaxiaren abangoardista –“zenbat eta hobe, okerrago denontzat eta zenbat eta okerrago denontzat, hobe; hobe niretzat, zurea, onura politikoa”–, kargua kasualitatez lortu balu bezala jokatu duen gaita galiziar baten kopia humano perfekzionatuena: estatuaren bolantea eduki duen sei urteetan soinu berdintsua atera du ezkontzetan eta funeraletan.
Hemendik aurrera ez dira hainbeste aipatuko bere politikak eta korruptelak; eta merezi duen lekua emango zaio fenomeno kultural gisa. Dena birala den garaian, dena sare sozialetatik pasatzen hasi den hamarkadan, aitortu behar baitzaio meritua: presidente eta meme izatea lortu du, biak aldi berean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA