Ezezko bakoitzak gordetzen omen du baiezkoren bat eta Salviniren uko publiko hauek ere, badaukate atzean zerbaiten alde egiteko intentzioa. Italiako Barne ministro berriaren jarrera Giorgio Armaniren perfume bat iragartzeko eslogana izan liteke: “Sì alla forza, sì ai sogni, sì a me stessa”… baina batez ere: “Sì al fascismo”.
Erabakia perfumatzeko lanik hartu gabe, joan den larunbatean Mediterraneoan erreskatatu zituzen 629 laguni Italian sartzea debekatu die Lega Nordeko ministroak “doazela Maltara!” esanez; eta adi kontua nondik enfokatu duen: gizakien trafikoa, immigrazioaren negozioa. Mugak kontrolatzeko milioika eurotako negoziorik ez balego bezala.
Italia ez da, bistan denez, errefuxiatu krisi globalaren erdian are gehiago gotortzen ari den estatu bakarra: gogoratu antzeko usaina duten gertakariak Espainia hegoaldean, 2014ko Tarajalgo hildakoak adibidez –15 gorpu atera zituzten uretatik muga igeri pasa nahian ari zirenean Guardia Zibilak tirokatuta; benetako biktima-kopurua ez da, segur aski, inoiz ezagutuko–.
Baina Salviniren deklarazio honek koska bat harago eraman du problema, migrazio-politika kriminalei erantsi dielako diskurtso bat, dagoeneko ez daukana aitzakia-lurrinik, ez erruki tantarik, ezta itsasoan hiltzeko arriskuan daudenenganako begiramen txikienik ere.
Urteak dira mota horretako politiken kiratsa sumatzen dugula, pentsatuko du batek baino gehiagok; zer axola du nola zuritzen diren erabaki horiek? Ba badu: agintari batek kolektibo oso baten kontra mota honetako neurriak iragartzen dituenean, zentraltasun handia ematen baitie gizarte batean egon daitezkeen instintu ilunenei. Estolda horietatik ez da fragantzia onik aterako.