Gastroenteritisa

Gorka Bereziartua
0

Pernandoren egia da: edozein gizarteren kulturaren isla izan daiteke gastronomia, baldin eta kultura zentzu Antropologikoan ulertzen badugu –jakintzak, sinesmenak, artea, morala, zuzenbidea, ohiturak… eta jaten duguna, dena da kultura–. Ez dut uste Aduriz pernandokerietan dabilenik ordea, aspalditik bere sektore ekonomikoak Euskal Herrian daukan posizio pribilegiatua hauspotzen baizik. “Gastronomia” kontzeptua betetzen du, piper bat balitz bezala, “luxuzko jatetxe” esanahiarekin; eta “gure gizartearen kultura” nahaski bat da, zeinak uzten duen zapore bat oso sotila, erdi-gozoa –identitate baskoaren satisfazioa–, erdi-garratza –200 euroko menua pagatzea bezain–.

Munduko 50 jatetxe onenen artean dago Adurizena Restaurant aldizkariaren sailkapenaren arabera. Zein postutan geratuko litzatekeen negozioa posible egiten duten bekadunen lan-baldintzak kontuan hartuko balira, hori ez dakigu: iaz medioetan zeresan pixka bat eman zuen Michelin izardun jatetxeetan kobratu gabe lan egiten zuten sukaldaritza-ikasleen aferak, baina ez dirudi eragin handirik izan duenik top-chef euskotarren kontratazio-politikan. Denboralea pasata, nazioarteko errekonozimendu berri bat jasota, ostera ere arrakalarik gabeko diskurtso batekin ateratzen zaizkizu kameren aurrera eliteen sukaldariak, “hemen oso ondo jaten da” esaldiak ardo txuri batek bezain ondo konbinatzen baitu “hemen hobeto kudeatzen dugu” dioen legatz pasatu samarrarekin.
Baina bai, ideologia gastronomista hau gure gizartearen kulturaren isla da, ondo kokatutako minoria baten mesederako izango dena ospatzen baitu herriak, balentria nazionalaren espirituz: denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek dena irabaz dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA