Ez esan tristea ez denik

Gorka Bereziartua
0

Andre eta jaunok: hauteskunde-kanpainan gaude. Tira, beti gaude hauteskunde-kanpainan, baina udaletako poltronen zozketa berria egiteko urtebete eskas falta denean, pixka bat gehiago. Eta udaberrian hibernaziotik ateratzen diren marmota, triku, igel, musker eta sugeen antzera –zuek hautatu horietako zeinen antzerago–, hasi dira politikariak hurrengo legegintzaldian elikatzeko boto-ehizan.

Irunen, non EAJk gobernu-akordioa puskatu zuen PSE-EErekin urtarrilean; eta non ekain hasieran aurkeztu duten Iridoy hirugarrenez hautagai, badirudi jeltzaleek asmoa dutela erronka serioa botatzeko Jose Antonio “hiri hau nirea da” Santanori. Eta klaro, Irunen irabazi nahi baduzu, ez da tokatzen esatea alarde diskriminatzaileari pixka bat molestatuko dion txorradarik, are gutxiago, egungo alkateari gai horretan gotortzeak eman dizkion emaitzak ikusita.
Pentsatu nahi dut horrek esplikatzen duela, eta ez fanatismo hutsak, hautagai jeltzalearen deklarazio völkisch samar hau.
Gauzak aklaratu ditu behintzat, zeren, iazko San Martzial egunean dudak sortu zituen jende onberaren artean Irungo Batzokiko balkoiko argazkiak: lehenbizi zabaldu zen irudian, desfile parekideari bizkarra eman zieten afiliatuak bakarrik ikusi genituen; gero, irudi bertikal batean, goiko balkoian, alarde parekidea txalotzen zuten beste zenbait. Orain badakigu: Iridoyrentzat bigarren horiek ez dira “herria”. Ezta konpainia parekideetan desfilatzen duten beste irundar guztiak ere –geroz eta gehiago, portzierto–. Ezta desfile hori txalotzen dutenak ere.
Ikuspegi horren arabera, besteei herritartasuna kentzetik hasten baita herria zerbait izaten. Ez esan tristea ez denik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA