Nire arazoa Damien Rice-ekin

Gorka Bereziartua
3

Damien Rice
Damien Rice

Karrerako azken urtean zaletu nintzen Damien Rice-en musikarekin. Klasekide batek 0 diskoa pasa zidan eta ni berehala engantxatu, gitarra akustiko soil bat lagun, irlandar honek egiten dituen doinu malenkoniatsuetara. Baina garaitsu hartan, unibertsitateko pisukideok House telesailera ere zaletu ginen. Ez genuen kapitulu bat galtzen eta doktore ipurterre-baina-izugarri-listoak egiten zituen txiste batzuk gure eguneroko hizkeran sartu ziren.
Momentu hartan ez zidan molestatu Housen kapitulu asko bukatzea Ricen abestiren batekin. Guztiz logikoa zen ez molestatzea. Azken finean, urdaiazpikoa eta gazta bakoitza bere aldetik gustuko baditut, biak batera ogitarteko batean gustura jango ditut, ezta?
Arazoa hasten da, edo urdaiazpikoaz, edo gaztaz nazkatzen zarenean. Nire kasuan, Housek akitu ninduen: gidoiak izugarri errepikakorrak izaten hasi ziren (hainbeste, blog batean baino gehiagotan kapitulu estandar bat imitatzen asmatu dutela), sorpresa, indarra, kolpea… grazia galdu zuela esango nuke. Eta nazkatu egin nintzen.
Problema da Housez nazkatzearekin batera, ezin izan dudala Ricen musikarik berriro entzun, telesailaz oroitzen naizelako beti.
Eta fenomeno hau bizi ondoren, hobeto ulertuko duzue Isabel Coixeten pelikularik ez ikustea erabaki izana. Guztiz logikoa da: Antony & The Johnsons-en diskoak lasai entzun nahi ditut aurrerantzean ere; ia film guztietan sartzen du haien kantaren bat Coixetek, eta niri bere pelikulek a priori ez didate konfiantzarik ematen, Espainiako prentsak “kalitatezko zuzendari ofizial” berri bihurtu duelako.
Baina, klaro, ezin naiz soinu banda guztiekin horrela ibili: gaitz hau sendatzen al da, doktore?

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA