#INVENT

Gorka Bereziartua
0

Gurpila ere asmakizuna da eta Jaime Ignacio del Burgok 2015era arte eduki zuen kotxe ofizialak ez zuen zirkulatuko hura gabe. Asmakizunek ezaugarri hori baitute: benetakoak bihurtzen direla, hain zuzen ere asmatuak diren momentuan. Horrenbestez, beraz, baliogabetu dugu factotum navarristak euskara batuaren kontra abuztuaren hondarrean tribunaratu duen argudio nagusia.

(“Bai zutabe erraza aste honetakoa”, esan diot nire buruari aharrausi egin ondoren; eta maketatzaileari deitu diot galdetzeko ea goiko paragrafo honen azpian geratu den zuriunean sartzeko moduko publizitaterik ba ote dagoen. Esan dit ezetz. Kaka. Irakurlea entretenitzeko beste zerbaiten bila hasi behar izan dut).
Asmakizunez ari garenez, del Burgoren doktore-tesian aipatzen da 1549ko dokumentu bat, zeinean Nafarroako Gorteek onartzen duten sosa jartzea Karlos V. Gaztelako erregearen gerrak pagatzeko, “en defensión de la fe y bien común de la (adi honi) spanidad”. Gorri-separatistei golak sartzeko gogoz zelairatu berri zen del Burgok esaldi horretatik tiraka ondorioztatu zuen nafarrek aspaldidanik maite zutela Espainiako monarkia eta hark ordezkatzen zuen “komunitate espiritual eta politikoa”. Duela 50 urte baino gehiago, erregimenak txalo jo zion: navarrismoaren hasiera zen, eskuin hegaletik filigranak egiten.
Beharrik Santi Leoné historialaria zegoela VAR-arekin: 2005ean del Burgoren tanto hura baliogabetu zuen, jatorrizko dokumentuan “spanidad” ordez “christiandad” jartzen duela demostratuz –pikutara Nafarroa foral eta espainiarraren justifikazio ustez historikoetako bat–.
Del Burgoren hura, ordea, ez zen asmakizuna bakarrik. Faltsua zen. Eta faltsua izatea puskaz okerragoa da asmatua izatea baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA