Boligrafo Gorria
Zinemaldia 2018
by Gorka Bereziartua
  • Zinemaldia 2018

Esperimentu bat irabazle, erraldoi digitalak sumatzen hasi diren edizioan

Gorka Bereziartua
2018-10-01
1

Isaki Lacuestak ‘Entre dos aguas’ filmari esker irabazi du Urrezko Maskorra (argazkia: Alex Abril).

Zarata handirik egin gabe, Isaki Lacuestak dagoeneko bi Urrezko Maskor eskuratu ditu Donostiako Zinemaldian hamarkada honetan. Lehenbizikoa aski eztabaidagarria iruditu zitzaidan, 2011n Sail Ofizialera ekarri zuen Los pasos dobles-i asmo handiko lana izatearen traza hartu bainion; intentzio puztu samarrak, gero zehazgabetasunean itotzen zen pelikula batentzat.
Justu kontrakoa esan behar dut, ordea, aurten podiumera eraman duen Entre dos aguas filmaz, zeina adibide bikaina den erakusteko apustu zinematografiko arriskatu batek ez duela zertan bilakatu publikoari ulertzeko zaila egingo zaion artefaktu kriptiko bat.

Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugan, dialogoetan aktoreen benetakotasuna zukutzen duen proposamen batekin, lehiaketan ikusi ditugun gainontzeko filmak baino koska bat gorago geratu da Entre dos aguas eta konfirmatu du sasoi oneko dagoela zinema egiteko modu hori, gidoiaren gerruntzetik askatzen dena, filmatu ahala kontatu nahi duen istorioa bilatzen duena; errealitate gordina pantailaratu nahi duena, baina ikusleari zer pentsatu behar duen apaizkeriaz agindu gabe.
Saririk gabe ere, pozgarria izango zen Lacuestaren filma Sail Ofizialean proiektatzea, “naturalagoa” lukeen Zabaltegi-Tabakaleran beharrean. Lengoaia zinematografikoak badituen, baina askotan esploratzen ez diren aukeretan murgilduko diren lan gehiago eskertuko genituzke lehiaketan, izan ere, aurten, beste behin, titulu konbentzionalegi batzuk sartu dizkigute benetazko gauzetaz hitz egiteko bokazioa beharko lukeen sekzioan –banketxeko mailegu ideala ere erakutsi dute Donostian: zero interes daukan Illang: The Wolf Brigade–.
Zergatik? Pista onenak filmen hasieran agertzen diren enpresen izenak dira. Adibidez, aipatutako azpi-produktu korearra Sail Ofizialean egotea ez da esplikatzen, ez bada Netflixek dauzkalako haren banaketa-eskubideak, Perlak sailean ikusi ahal izan den Alfonso Cuarónen Roma-renak bezalaxe. Bigarrena Donostiara ekartzeko pagatu beharreko bidesaria izan ote da lehenbizikoa?
Bai, beste zine jaialdietan bezala, Zinemaldian ere hasi da nabaritzen plataforma digitalen presentzia –lehiaketan parte hartu duen Beautiful Boy-ren eskubideak ere Amazonenak dira, adibidez–, eta kontua ez da tremendista jartzea, ekoizleek eta banatzaileek mota honetako jaialdietan eragiteko gaitasuna ez baita gauza berria ere. Baina gezurretan ariko ginateke erraldoi berriok pilatzen ari diren boterearekin kezkatuta ez gaudela esango bagenu.
Non geratzen da euskal zinema horren guztiaren erdian? Aurten Telmo Esnalen Dantza lehiaketatik kanpo geratu da Sail Ofizialean, aparte samar aukeran; Koldo Almandozen Oreina-k eman du zeresana; eta inoiz baino euskarazko titulu gehiago proiektatu dira, baina bultzada handiagoen faltan, beti hasten ari den zinemagintza baten itxura dauka euskarazkoak. Zaila izango du banatzaile handien sarean sartzea. Are zailagoa, horretan lagundu behar lukeen Jaurlaritzak festibalean promozionatu duena gure gastronomia izan bada, ez zinema.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

amazonisaki lacuestanetflixzinemaldia
1 Iruzkin
    asier (e)k dio: Erantzun
    2018-10-01, 20:34

    “gure” gastrozera hori zer ote den aztertzeko muduko gaia

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Urrezko Maskorra lortzeko lehia nola bukatu den, plano-sekuentzian kontatua2018-09-28
Kultura ministerioa deseginda, itzal beldurgarria proiektatu du Argentinak2018-10-02
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA