MTV-ren gola San Mamesen: garaitu eta zurera ekarri

Gorka Bereziartua
11

Berri Txarrak taldeak MTVren kontzertuan joko duela iragarri dute.

Azaroaren 3an San Mameseko zelaira salto egin aurretik, MTVk dagoeneko sartu du lehen gola Bilbon. Ostegunean iragarri dutenez, Berri Txarrak taldeak joko du katearen Europe Music Awards ekitaldiaren aurretik Athletic-en estadioan antolatu duten kontzertuan, Muse eta Crystal Fightersekin batera.

Eta aitortu behar da jokaldia oso azkarra dela MTVren ebentoa bultzatzen ari diren agente instituzionalen aldetik: makroekitaldiarekin kritiko agertu dira Bilboko hainbat mugimendu eta eragile bat ere sortu da (Piztu Bilbo, itzali MTV), salatzeko mota honetako ekitaldiak diru publikoz bultzatuz hiria merkantilizatzen ari direla erakundeak. Horrekin batera, bestelako Bilbo baten alde egiteko martxan jarri dira, “hiri bat non argazkietan agertzeko manikiak ordez, geure egunerokotasunaren protagonistak izan gaitezkeen”, erreportaje honetan esplikatu zutenez.
Kritikotasun hori konpartitu dezaketen asko, segur aski, Berri Txarrak taldearen zale dira eta momentu honetan galdera bat edukiko dute buruan, gutxi gorabehera “zure gurasoetatik zein maite duzu gehiago?” bezain konplikatua: Berri Txarrakekin kontzertuan “zuek segitu rock’n’rolla salbatzen” kantatzera joan ala herri mugimenduarekin bat eginda Dead Kennedysen klasikoetara itzuli, “MTV antenatik at!” oihukatuz.
Bilboko ekitaldi konkretu honetatik harago, osteguneko albisteak erakusten du azken urteetan euskal kulturan geroz eta gehiago gertatzen ari den fenomeno bat: hein handi batean instituzioen eta merkatuaren legeen premisen kontra garatu zen ekosisteman orain lorpentzat jotzen da establishmentaren ekitaldietan euskaraz lan egiten duten artistak egotea.
Ez ote den, ordea, porrot ikaragarri baten sintoma. Unai Oñederrak bere blogean esplikatu zuen moduan, botere-talde batek hegemoniko izateko bi pauso ematen ditu: lehenbizi, arerioa garaitu; gero, bere terrenora ekarri. Kultura beti da lubrikatzaile ona bigarren urrats hori emateko.


Post Scriptum: Artikulu hau publikatu ondorengo Twitter-elkarrizketan aipatu didate Berri Txarraken kontua mezu gogorrak jasotzen ari dela MTVren ekitaldian jotzeagatik. Goiko testua ondo irakurri duenak ulertuko zuen moduan, taldearen erabakiarekin ez sartzen ahalegindu naiz, uste baitut Bilbon Europe Music Awardsen harira antolatu dituzten ekitaldien gaian gutxienekoa hori dela, problema estrukturala delako eta eman beharreko erantzunak eztabaida eraikitzaileak eskatzen ditu, ez epaiketak.
Post Scriptum 2: Gai honen harira, gomendagarria iruditu zait Hala Bedi irratiko No Hay Pasado programakoek idatzi duten artikulua.

11 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA