Bikoizketa vs. azpidatziak: debate antzu bat inoperantzia estaltzeko

Gorka Bereziartua
6

Gauzak aldatzen ez badira, ‘Dragoi Bola Super Broly’ izango da bolada batean euskaraz bikoiztuta ikusi ahal izango dugun azken filmetako bat.

Euskal bikoizleek planto egin dutenean piztu da berriz ere debatea gure artean, ea euskarazko fikzioa zabaltzeko eredurik onena hori ote den ala azpidatzien alde egin beharko genukeen. Bueno, hori debatearen hasiera izan da, gero ikusi ditut sinetsiko ez zenituzketen gauzak, adibidez, bikoiztutako telesail batean erabili ez den adizkera alokutiboa egokia ote den argitu nahi zuten txio-hariak. Debate metafisikoak eta Judeako Herri Fronteak: oso eztabaida euskalduna da hau.
Ohituta nago pelikulak azpidatziekin ikustera eta une batez bando horren alde egiteko tentazioa izan dut. Gero, ordea, eztabaida zein absurdoa den jabetu naiz: euskal bikoizleen sektorea ez da pikutara joaten ari lehen euren lanean inbertitzen zen dirua orain azpitituluak egiteko erabiltzen delako, zeren hala izan balitz, nahiko seguru nago euskarazko azpidatzi gehixeago ikusteko aukera izango genukeela telebistan, aretoetan eta festibaletan. Eta, zer esanik ez, azpitituluak euskaraz aurkitzeko plataforma nagusia ez zen izango euskaltzale militante batek sortutako webgune bat, erakundeek bultzatutako plataforma profesional bat baizik –baina praktikan alderantziz da: erreferentzia ez da Filmazpit, Azpitituluak.eus da; eta Luistxo Fernandezek kargatutakoen datuak eman izan dituenean gauza deigarriak atera izan dira, adibidez, herritarrek azpidatzi gehiago ekoiztu izan dituztela instituzioek baino–.

Total, ez dudala uste debatea bikoizketa vs. azpidatziak denik. Debatea da euskarazko ikus-entzunezko fikzioa nahi dugun ala ez. Hori bezain sinplea. Eta hor, gai honekin arduratuta gaudenok ez daukagu batere premiarik eztabaida bizantziarretan erortzeko, dena egiteko dagoelako. Ez baitirudi planik dagoenik. Ez behintzat plan eraginkorrik. Batzuetan badirudi plana dela pixkanaka-pixkanaka ezer ez egiten bukatzea: tantaka estreinatu izan diren bikoiztutako filmak –hemendik aurrera hori ere ez–, kriterio argirik gabe diru publikoz azpititulatzen diren zenbait lan eta, batez ere, plataforma digitalen garaiotan, arlo horretan inolako apustu publikorik ez.
Duela bederatzi urte (!) bultzatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak “Zinema euskaraz” programaren barruan bikoiztutako zenbait lan streaming bidez EITBren webgunean ikusteko aukera. 30 bat pelikula jarri zituzten sarean eta, tira, gaur egundik begiratuta horretarako prestatu zuten webgunea pixka bat kutrea bada ere, zerbait izan zen. Problema da geroztik ez dela beste pausorik eman eta bitartean zure lagunek, senideek eta amonak ere Netflix eta HBO bezalako plataformak deskubritu dituztela.
Eta ez dut esaten horrelako plataforma multinazionalen kontra konpetitzea erraza denik zeren, erraza edo zaila den jakiteko norbaitek gogoa eduki behar du partidu hori jokatzera ateratzeko euskal selekzioaren kamisetarekin. Baina kultur kudeatzaile bakar bati ez zaio bururatu, adibidez, euskaraz dagoen ikus-entzunezko produkzioa –izan bikoiztuta, izan azpititulatuta– jasoko duen aplikazio bat martxan jartzen saiatzea, eta hortaz, ez dakigu nolako emaitzak izango lituzkeen horrelako zerbaitek.
Ez, problema ez da bikoizketa ala azpidatziak lehenetsi behar diren. Problema da hiztun komunitate bati gaur egungo kultur-joeretara egokitzeko tresnak emateaz abdikatzen ari den sektore publikoaren inoperantzia. Eta ardurak hor kokatzen ez ditugun bitartean, inorako irteerarik ez daukan biribilgunean derrapatzen ariko gara.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA