Beraz, hau da hain esperantzagarria izan behar zuen XXI. mendea: alderdi neofaxistak 15 urteko nerabeak baino harrotuago, reality-showak telebista publikoetan, Inditexen dendak Ramones taldearen kamisetak saltzen, guztiok pantailei begira lobotomia bat egin izan baligute bezala eta tabernetan, dendetan, gasolindegian, berdin du non, Luis Fonsi delako horren kantak, aurretik aipatutako gauza guztietatik salbatu ahal izan duzun burmuin zatiari gupidarik gabe mailuka. Lagun maiteok, mundu honetan dena dago kontrolpean. Dena? Ez! Aguraingo punk talde batek orain eta beti eusten dio inbasioari, garaitezin bihurtzen duen edabe magiko bati esker: gure nostalgia neurrigabea.
La Polla Records taldeak berriz zuzenean joko duela iragarri eta notizia idazteko denbora hartu baino lehen iritsi zaizu hiru Whatsapp talde diferentetatik. Flashback bortitz bat: adoleszentziara itzuli zara, baina ez La Polla entzuten zenuen adoleszentzia horretara, baizik eta PlayStationean Resident Evil-era jolasten zenuenera. Resident Evil, badakizue: zonbiak, tiroak, odola barra-barra; esperientzia nahiko estresantea, armekin parekoa akabatzean oinarritzen diren beste jokoekin konparatuta. Izan ere, zaila zen jakitea noiz hil zenituen guztiz zonbi ostia horiek, hamar arroa berun gorputzean sartuta ere zure txitxiari hozka egiteko gogoz altxatzen ziren berriz.
Antzeko portaera dauka Euskal Rock Erradikalak ere: aspaldi bota omen zuen azken karkaxa, txupa eta guzti lurperatu genuen, baina hemen dator bueltan berriz. Hilko duzu eta ostera altxako da, super-apurtzailea dela errepikatuz. Eta publikoak erantzuten duen bitartean, beldur naiz horrela izaten segiko duela. Beldur naizela diot, 1980ko hamarkadako errepertorioarekin bueltaka segitzeak gure konformismoaren neurria ematen baitu, beste soinu, jarrera eszeniko eta mezuak kolektiboki deskubritzeko daukagun gaitasun faltarena.
Agian beste zerbait ere bada: Evaristo zuzenean entzutea babesleku moduko bat izan daiteke askorentzat, etengabe gure softwarea aktualizatzera behartzen gaituen mundu likido honetan zerbait iraunkorraren parte sentitzeko modua. Nork aurreikusi behar zuen denaren gainean pixa egitera etorri ziren gandordun haiek bukatuko zutenik funtzio hori betetzen, mezatik hain gertu dagoena.
2 Iruzkin
[…] Gorka Bereziartuak Argiako Boligrafo Gorria blogean. […]
[…] Gorka Bereziartua Argia-n […]