Beti deitu izan didate arreta Zinemaldia jarraitzen duten atzerriko korrespontsal eta kritikari batzuek. Konkretuki, adinean aurrera samar joanak dauden horiek. Beraien ile zuriak, ibiltzeko modu zahartritikoak, bazkalosteko paseetan egiten dituzten zurrungatxoak. Siesta horien ondoren idatziko dituzten kronikak eta kritikak irakurriko nituzke denborarik izango banu, askotan galdetzen diot nire buruari zer arraio kontatuko duten lepoa kulunka dutela ikusi dituzten pelikulez. Gauza bat segurua baita: areto barruan esna mantentzeko ahalegina egin dugunok baino irudimen handiagoa jarri behar izan dute artikulua osatzeko. Jende horrek ofizioa dauka. Jende horrek bizi osoa darama pelikulak ikusten. Jende horrek merezi zuen omenaldi bat eta Sail Ofizialak gaur egin die, asteartea hirugarren adinekoen eguna izan baita Zinemaldiko pantailetan.
Il pleuvait des oiseaux zintako protagonistak, adibidez: basoan galduta dagoen laku baten ondoan ermitauen moduan bizi diren agureak dira. Henry David Thoreau gogora ekartzen duen eszenaratze horretan, ezusteko gonbidatu bat agertuko da: duela urte asko inguru horretan izandako sute handietatik biziraun zuten pertsonen erretratuekin erakusketa bat prestatzen ari den argazkilaria. Haren eraginez, mundutik isolatuta bizitzea erabakia zuten pertsonaiek iraganean gainditu gabe utzitako kontuei aurre egin beharko diete.
Zinematografikoki berrikuntza ikaragarririk ekartzen ez duen arren, ekoizpen honen xamurtasuna eta umore xaloa ikusle askoren gustukoa izango dela iruditzen zait. Zahartzarora iritsita ere norberaren mugak gaindi daitezkeela adierazten digun pelikula da, bide berriei ekiteko inoiz ez dela berandu.
Erretiro behartua da Pacificado film brasildarreko pertsonaia nagusietako batena: 14 urte kartzelan pasa ondoren itzuliko da favelara bizitzera. Lehen auzo horretako nagusia zen Jaca. Berak banatzen zuen justizia eta droga. Mafioso baten eta autoritate moral baten erdibideko norbait zen. Itzultzean, ordea, gauzak aldatuta aurkituko ditu: batetik, bera baino gazteagoa den gangster batek manatzen duelako auzoa orain; bestetik, 13 urteko neska gazte bat aurkituko duelako: bere alaba.
Bada Zinemaldiari buruz sarritan entzuten dudan topiko bat, alfonbra gorriko eta Maria Cristina hoteleko argazkietan oinarrituz errepikatzen duena festibal hau elitista dela. Aurreiritzi hori desmuntatzeko nahikoa litzateke konparatzea maila honetako zine jaialdi bateko sarreren prezioak Anoeta estadiokoekin –ez dugu hemen aseguru-etxeen publizitaterik egingo– edo egun batez Tourreko etapa bat ikustera joateak daukan kostuarekin. Baina harago ere joan daiteke: goizeko pasean Viktoria Eugenia antzokia beteta zegoen: Zinemaldian ez bada, noiz eduki dezake ikusle kopuru hori Pacificadon agertzen direnak bezalako bazterreko pertsonaiak dauzkan film batek?
Ikusle gehienengan agintzen duen errepresentazio-erregimenetik ateratzea da, ordea, filmaren bertute nagusia. Gainontzean, Paxton Wintersek zuzendutako lan hau nahiko hankamotz geratzen dela uste dut, planteamendu interesgarria izan zitekeena tentsiorik gabeko garapen lau batean urtzen delako eta une batetik aurrera badirudielako pertsonaiak nabarmenegia den pelikularen mekanikaren zerbitzura agertzen edo desagertzen direla.
Gaur erretiro-lekura joaten azkenak aski ezagunak dira: Gerard Depardieu aktorea eta Michel Houellebecq idazlea dira Thalasso pelikulako protagonistak. Sekuela moduko bat da Gillaume Niclouxen pelikula hau, 2014an zuzendu zuen L’enlèvement de Michel Houellebecq komedia bukatzen zen lekuan hasten baita eta film hartan Frantziako letren enfant terrible-a bahitzen zuten pertsonaiak berreskuratzen baititu.
Sasi-dokumentalaren itxura daukan lan honek barreak eragin ditu prentsako emanaldian, berez nahiko barregarria delako Houellebecq bezalako izaki antisozial batek talasoterapia zentro batean egin dezakeen edozer gauza filmatzea –ez dut uste idazleak antzezpen handirik egin behar izan duenik–. Eta beste hainbeste esan daiteke Depardieuri buruz ere. Ibilbide zinematografikoan onenak emanda dagoen norbaitek bere buruaz barre egin dezakeela erakutsi du, eta horrekin erregistro komiko berri baterako jauzia egin: post-umorea.
Egia da pelikula ez dela bihurrikeria baino askoz gehiago eta ulertuko nuke norbaitek esango balu honelako film batentzat bazeudela Donostian Sail Ofiziala baino leku hobeak. Baina urtarrilean Sérotonine irakurri ondoren, Houellebecqen dosi berri hau hain ondo sartu zait, barruan daramadan ikusle petralari erretiroa ematea erabaki dudala. Gaurkoz behintzat.
1 Iruzkin
[…] protagonistak dantzan ikustean edo beti eskura daukaten telefono mugikorrarekin bideoak grabatzen, Pacificadoko faveletan zebilen neska hura ere gogora etortzen zaizu ezinbestean. Rio de Janeiro, Londres, Bartzelona: bazterreko auzo global […]