Genesis P-Orridge, esperimentazioa azken muturreraino

Gorka Bereziartua
0

70 urterekin hil da Genesis P-Orridge New Yorken.

Egun arraro hauetan ere, heriotza guztiak ez dira pasatzen denok ezagutzen dugun eta beraz aipatuko ez dudan birus baten segapetik. Genesis P-Orridge musikari, poeta eta performerra larunbat honetan hil zen, 2017an diagnostikatu zioten leuzemia baten eraginez. Throbbing Gristle taldeko sortzaileak 70 urte zituen eta New Yorken egin du azken eztula.

Musika enigmatikoa zen Throbbing Gristle taldearena, gizakiaren pultsio ilunei buruz aritzen zena: hilketak, suizidioa, pornografia… Hil berri den artistak okultismoarekin zeukan harremana ez da harritzekoa koktel hori ikusita, beraz. Ezta, taldeak Escherichia coli bakterioari kanta bat eskaini izana ere –denbora falta izan zaio koronabirusari buruz zerbait konpostzeko; ups, aipatu dugu azkenean gauzaren izena–.
Manchesterren 1950ean jaioa, Neil Andrew Megson izenez bataiatua, P-Orridgek rockaren ordura arteko parametroak auzitan jarri zituen, 70eko hamarkadako musika industrialeko egitasmo garrantzitsuenetako bat martxan jarriz.
Haren jarrera inkonformista ez zen oholtza gainean egiten zuenera mugatzen: bere burua pandrogin gisa deskribatu zuen, “androginia” eta “osotasuna”-ren kontzeptua bateratzen dituen terminoa; eta autodefinizio horri jarraituz, 1995etik hainbat operazio kirurgiko egin zituen bere bikotearekin batera, biek fisikoki elkarren antza edukitzeko, hartara “batasun” bat osatuz.
1969tik Londresko arte munduarekin harremanetan egon zen, Transmedia Explorations kolektiboarekin bereziki; eta horren bitartez performancearen eta poesiaren alorretan hasi zen ezagun egiten. Garai berean hasi zen interesatzen okultismoarekin eta genero-auziekin ere; eta berezko bide horri lotuta, “Genesis” –hasiera, sorrera– izena hartu zuen –abizenaren esanahiak metafisika gutxiago dauka: ikasle garaian jaten zuen porridge-agatik aukeratu zuen–.
Izen bereziak hautatzeko joera horrek jarraitu zuen mundu osoan ezagun egin zuen Throbbing Gristle taldean ere. “Taupaka ari den kartilagoa” erantzungo dizu hiztegiak haren esanahia bilatzean; Yorkshireko hizkeran, ordea, “zakil gogorra” esan nahi du: probokazioa bai, kriptikotasuna ere bai.
1981era arte aritu zen talde horretan, The Second Annual Report (1977) eta 20 Jazz Funk Greats (1979) bezalako diskoak sinatuz. Azken horretan, taldekideak “lounge” musikako disko baterako bezala jantzita agertzen ziren, kamerari irribarrez, Beachy Head-en, Ingalaterraren hegoaldean jendeak bere buruaz beste egiteko maizegi erabiltzen duen amildegi baten ondoan.
80ko hamarkadatik aurrera Psychic TV sortu zuen, are bide esperimentalagoa hartu zuen talde hiperproduktiboa, zeinak ez duen lardaskatu gabeko eremu musikalik utzi, popetik hasi, rock psikodelikotik edo acid housetik pasa eta spoken worderaino.
Throbbing Gristleren diskografia berrargitaratu zela-eta egin zioten elkarrizketa batean, zera adierazi zuen urte haietan egindako musikaz: “Melodia ezabatu genuen, denborari lotutako erreferentziak, ahotsaren musikaltasuna eta transmititu nahi genuen mezua. Proposamen horrek subertsiboa izaten jarraituko du denbora luzez”. Hala izan bedi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA