Boligrafo Gorria
Zinema - ikus-entzunezkoak
by Gorka Bereziartua
  • Zinema - ikus-entzunezkoak

Arrazakeriaren aurkako borroka ez da HBOn egingo

Gorka Bereziartua
2020-06-15
1

‘Gone With the Wind’ filmaren inguruko polemika berpiztu da azken asteetan.

HBO streaming plataformak AEBetako bere katalogotik erretiratu zuen joan den astean 1939ko Gone With the Wind pelikula, George Floyden hilketaren ondoren herrialdean indar handia hartu duten aldarri antiarrazisten atzeko hotsek bultzatuta: pelikulak esklabotza goraipatzen duela salatu zuen John Ridleyk Los Angeles Times egunkariko zutabe batean eta artikuluak piztutako garrak bultzatu zuen erabakia. Gero jakin denez, HBOk filma berriz ikusleen eskura jartzea erabaki du, haren “testuinguru historikoa” azaltzen duen ohar batekin.

Plataforma pribatu baten eskaintzaz ari garenez, haren bezeroei bakarrik eragingo lieke filma deskatalogatzeak –ezin da konparatu, adibidez, artxibo publiko batek antzeko zerbait egingo balu sortuko litzatekeen egoerarekin–, baina HBOren ikusle kopurua kontuan izanda, zentsurari buruzko debatea piztu da, bai AEBetan, baita handik kanpo ere.
Identitate-politikek azken urteetan hartu duten indarraren erakusgarri izan daiteke kasua. Gizarteak geroz eta ardura handiagoa dauka zapaldutako kolektibo batzuen errepresentazio publikoarekin –ezen ez kolektibo horietako pertsonekin– eta pixkanaka horren eragina nabaritzen hasi da: duela ez asko normaltzat jotzen ziren komentario, txiste edo jarrerak baztertzeko joera nagusitzen ari da.
Baina irakurketa hori egitera mugatzea, oso azalean geratzea litzateke eta, nolabait, gizartearen aurrerakuntza motel baina etengabean sinestea –aurpegi berriko faxistak zenbat ugaritu diren ikusita, lerro hauek idazten dituenari asko kostatzen zaion zerbait–.
Eta Gone With the Wind-ekin gertatutakoa ezintasun politiko baten erakusgarria balitz? Gizartea eraldatu nahi dutenek, lortzen ez dutenean, sarritan bilatzen dute kontsolazio-saria gizartea errepresentatzen duten fikziozko lanetan, hauen baloreak auzitan jarriz gizartearen baloreak kolokan jarriko balira bezala. Horrek, gainera, maiz samar ekartzen du filmak, nobelak edo kantak kualitate moral batzuen transmisore soil bezala irakurtzea, edozein ekoizpen kultural kritikoki aztertzeko beste aldagai asko ere kontuan hartu beharko liratekeen arren.
Bestalde, duela 80 urte baino gehiago egindako pelikula bati buruz ari gara, bere alde on eta txar guztiekin: Gone With the Wind-ek estereotipo arrazistak imajinario kolektiboan txertatzen lagundu bazuen ere, aspaldi utzi zion eragin hori edukitzeari publiko masibo batentzat. Film horren aurka eginez arrazakeria borrokatzen duela pentsatzen duenak, hobe luke Gil Scott-Heronek zioena entzun: “Iraultza ez du telebistak emango”. Ezta streaming plataforma multinazional batek ere.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

arrazakeriagone with the windhbo
1 Iruzkin
    Arrazakeriaren aurkako borroka ez da HBOn egingo • ZUZEU (e)k dio: Erantzun
    2020-06-19, 7:04

    […] Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Inor ez da gogoratzen 80ko hamarkadako gure musika talderik berritzaileenaz2020-06-08
Bideoklipetik hiper-errealitatera: zer erakusten digun Charli XCX-ek etorkizuneko musika ekoizpenaz2020-06-30
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA