Mundu guztiaren ahotan dagoen pelikula, batzuentzat bat-bateko klasiko bat eta besteentzat hemendik hiru hilabetera ahaztuta egongo den produktu zinematografikoa, Don’t Look Up filmari (Adam McKay, 2021) ukatu ezin zaiona da eguberri covidiar berri hauetan sareak eta etxe askotako tertuliak animatzeko izan duen gaitasuna. Bizi dugun garaian hegemonikoa den kulturaren elementu ia guztiak konbinatzen asmatu duelako izango da: munduaren erabateko suntsipen posiblearen kontzientzia, politikari populistak, guztia sinple, atsegin eta dibertigarri bihurtzeko joera gorrotagarria duten hedabide masiboak, gertakari transzendentalenen aurrean ere lerdokeriaz betetzen diren sare sozialak, azalpen zientifikoen ezintasuna, utopia teknologikoaren hutsune geroz eta agerikoagoak, eta abar.
Ia bi ordu eta erdiko metrajea oso azkar pasatzen zaio ikusleari, garaiaren espiritua ez baitago edukietan bakarrik, forman ere islatzen da. Don’t Look Up izango da, agian, telefono mugikor berrien aroan traste horietan sortu, zabaldu eta kontsumitu den ikus-entzunezko diskurtsora hoberen egokitu den ekoizpena. Batzuetan meme bat dirudi, beste batzuetan bideo biral bat. Eta mashup bat ere bai: 1990eko zenbait disaster movie epikoren konbinazioa –Armageddon, Michael Bay (1998) edo Deep Impact, Mimi Leder (1998) datozkit gogora– kapitalismo berantiarraren ertzak erakusten dituzten produkzio berriagoekin –Black Mirror edo Years and Years bezalako telesailak, adibidez–.
Mundua suntsi dezakeen meteoritoa deskubritu eta egoeraz informatzeko Washingtonera doan hegazkin militar batean sartu dituztenean, Leonardo DiCapriok antzezten duen pertsonaiak galdetuko du zerbait, gure zeitgeist-a nahiko ongi islatzen duena: ea hori benetan gertatzen ari den ala broma moduko bat den guztia. Eta uste dut filmaren gakoa bi plano horiek –errealitatea eta broma– elkarren aurka jarri ordez batera aurkeztean dagoela: benetan gertatzen ari da eta aldi berean broma da. Apokalipsia etxe atarian dugu, egin dezagun barre.
Eta barre egite horretan, ezer ez da libratzen, ezta zinemaren industria bera ere: meteoritoak lurra joko duen egunean estreinatuko den superprodukzioaz eta gertakariaren aurrean hartu diren posizio politikoez –begiratu gora vs. ez begiratu gora– aldentzen saiatzen den zinema-izarrak nahiko zehazki islatzen du entretenimenduaren industriak edozein problemaren aurrean hartzen duen jarrera, alegia, kosta ahala kosta etekinak ateratzen jarraitzen saiatzea familia osoarentzako moduko pelikulak eginez. Don’t Look Up Netflixen estreinatu dela kontuan izanda, txiste autoerreferentzial bat dirudi, covidaren pandemiak, larrialdi klimatikoak edo eskuin muturreko populismoek –besteak beste– eragindako ezinegonaren erdian dibertsio pixka bat eskaintzen digun filma den heinean.
Ez dago salbazio posiblerik, ez dago egoerari erantzun kolektibo eraginkorrik emateko modurik, gutxi batzuek dena kontrolatzen dute eta ergel hutsak direnez suntsipenera garamatzate erremediorik gabe: hori litzateke –egia esan nahiko graziosoak iruditu zaizkidan– txiste askoren artean filmak transmititzen duen mezua, akaso norberekoia ez den espazio bakartzat familia eskainiz.
Baina familiatik harago dauden zera kolektiboetan sinetsi nahi luketenek ere –deituiezu mugimendu, alderdi iraultzaile, sindikatu edo beste edozein modutan– badute zer pentsatua pelikula honekin. “Espektakulua ez da irudi sorta bat, baizik eta erlazio sozial bat, irudiek mediatizatutako pertsonen artean”, idatzi zuen Guy Debordek Espektakuluaren gizartea liburu ezagunean. Zuzenean bizi dugun guztia errepresentazio bihurtu baldin bada, dena meme, eslogan eta inpaktu biraletan laburbiltzen bada, Don’t Look Up-ek gonbida gaitzake galdetzera zein den antzerki horretan gauzak benetan aldatu nahi dituztenek jokatzen duten rola. Ez ote diren mediatizatutako beste elementu bat irudien elkartruke globalaren merkatuan, beren espektakuluaren zatia jartzen –porn riot forma hartuta adibidez, baina ez bakarrik–, trukean zerbait jasotzeko, izan arreta, izan pedigri militanteak produkzio eredu honetan eman ditzakeen zeharkako etekinak, DiCaprioren pertsonaiak filmaren une batean zientzialari gisa lortzen dituenaren antzekoak.
Alegia, filmean meteoritorik badenik ere ukatzen dutenek darabilten “ez begiratu gora” esaldiaren ondoan ez ote genukeen jarri beharko “ez begiratu aldamenera” ere, jabetzeko zein punturaino garen broma bihurtu den desastre honen parte.