Maiz entzuten ari naiz horrelako esaldiak: “Ea krisiarekin espabilatzen dugun; bati baino gehiagori kenduko zaio gogoa daukana baino gehiago gastatzeko”. Ekonomiaren dardarek sortu dute, edo hala dirudi, austeritatearen aldeko kontzientzia apur bat. Eta ez da zaila horrelako arrazoiekin bat egitea. Puntu bateraino matematika kontua da: gutxi dago, gutxi gasta dezagun.
Gastatzen duzun apur hori liburu bati eskaini diozu ordea, Jean Baudrillarden Kontsumo gizartea saiakerari. Eta hori irakurtzen, gauzak oso diferente bihurtzen dira. Soziologo frantsesaren ustez, gizarte guztiek gastatu dute beti eduki dutena baino gehiago; eta horretarako arrazoia da, soberan kontsumitzearen bidez sentitzen garela bizirik. Nietzschek ere antzeko zerbait esan zuen: “Bizirauteko borrokaren formulak salbuespen egoera bat azaltzeko balio du; araua, aldiz, boterea lortzeko borrokatzea da, gehiago, hobeto, azkarrago, maizago edukitzeko grina”.
Ingurura so egin, eta Baudrillardi arrazoi ematea beste erremediorik ez dago: zer dira, telebistako programa arrosetan azaltzen diren pertsonen bizitzak, alferrik gastatutako denbora ez badira; zer eliteko kirola, ahalegin fisiko zarrasteldua besterik? Bizitzeko, alferrik gastatu behar dugu. Ez gara daukagunarekin konformatzeko jaioak.
Imajinatzen dut Gipuzkoako Foru Aldundian norbaitek liburu bera irakurria izango duela. Bestela, ez da ulertzen erakunde publiko horrek 1,2 milioi euro ematea Real Sociedad futbol taldeari, elastikoan “Gipuzkoa euskararekin bat” leloa eraman dezan. Ez da ulertzen, ez bada agintariek, Baudrillardi jarraituz, krisian ere zarrastelkeria kuota bat mantentzeko asmo irmoa dutelako.
Txalotu ditzagun, beraz, agintari gipuzkoar bipilok: arrazoi orokorraren kontra, intelektual baten iritziari men egin eta dirutza botako dute Anoetako txizatokietatik behera, diru kopuru hori euskararen aldeko benetako ekintzetan erabili ordez.
“Ea krisiarekin espabilatzen dugun” ari naiz entzuten azken aldian; baita baten bati, daukana baino gehiago gastatzeko gogoa joango zaiola ere. Ez da Gipuzkoako Foru Aldundian izango.
1 Iruzkin
“Gizarte guztiek eduki dutena baino gehiago gastatu dute beti” esaldia entzun da, Redes TB saio batez oroitu naiz, modu batean harremana duela ikusirik hemen lagatzen dizuet esteka:
http://www.rtve.es/mediateca/videos/20100110/redes-20—avance-mas-menos/664349.shtml?s1=programas&s2=ciencia-y-tecnologia&s3=redes&s4=