Polemika baten antzutasun jasanezinaz

Gorka Bereziartua
5

 

Steve Lacy abeslariari duela hilabete batzuk gertatu zitzaiona garaiaren sintoma da: sekulako arrakasta lortu du TikToken bere kanta batek edo, bueno, kanta baten zatiak, plataforma horretan bideo laburrak baitira nagusi. Saldu zituen sarrera guztiak iazko urte amaierako biran, baina kontzertu batean bere hit nagusia kantatzen ari zela, publikoa poltsikoan sartuta –izan ere, letra hitzez hitz kantatzen ari ziren–, fama biralaren alde lakarrak urratu zion aurpegia. Bat-batean, denak isildu zitzaizkion muturren aurrean. Kanta osotik TikToken ikusitako minutua besterik ez zuen ezagutzen publikoak.

Kontu isolatua balitz. Baina keba. Musika, albisteak, telebista-saioak, ia dena zatika eta testuingurutik aterata jaten dugu azkenaldian; eta gure iritzietako asko dira, gutxi gorabehera, zopa argal horrek elikatutako gorputzaren puzkerrak. Gainera, aire delizius horiek espultsatzen ditugu posizio trinko eta ñabardurarik gabeak algoritmikoki lehenesten dituzten plataformetan. Beraz, dena nahiko desastre ateratzeko moduko osagaiak dabiltza, ejem, airean.

Konkretuki, joan den astean, Edurne Azkarate aktoreari tokatu zaio polemikaren zurrunbiloan egotea. Hala Bedin egin dioten elkarrizketako klip batean lehen mailako eta bigarren mailako euskaldunez hizketan agertu da, gipuzkoarrak aipatu ditu, pribilegioak, periferia… eta han –alegia Twitterren– bazirudien hirugarren gerra karlista piztu behar zela Saudi Araba eta Barduliako Emirerri Batuen artean.

Elkarrizketa osorik entzutea litzateke miñoien eta mikeleteen arteko balizko lubakien aurkako antidotorik onena, 35 minutu besterik ez baitu irauten. Eta azaltzen dituen gauzak, niri behintzat, zentzuzkoak eta interesgarriak iruditu zaizkit. Baina elkarrizketa osoak lehen hiru egunetan 700 bat ikustaldi izan ditu. Twitterreko minutu bateko bideoak, berriz, ia 33.000.

Eta a ze festa sortu dena azken hori aitzakia hartuta “euskaldun pribilegiatuen” kontura: egon da adierazi duenik Donostia euskararen zentroetako bat dela –erabilera %15ean dago, baina zertarako ikerketa soziolinguistikoak, iritzi erromesak bota baldin baditzakegu–; egon da kexatu denik lanpostu publiko guztietan euskara eskatzen omen delako –eskatu, eskatzen dugu, noski; administrazioak ez ordea, eta hark debaka okela gai horretan–; egon da, inkluso, jendeari Martxelo Otamendirekin kafeak hartzea leporatu dionik –bide batez, arrazoi eman behar diot beste behin, On Martxelo: ondo egiten du berorrek numantinoki eusten Twitterren sartu gabe, disgustuak besterik ez ditugu azkenaldian deabruzko txiokiñ horretan–.

Polemika honek, portzierto, funtzionatuko luke arte garaikideko instalazio bezala. Alegia, beste artistek eta mundutxo horretan zeozer pintatu nahi dutenek bakarrik komentatu duten zerbait izan da. Guk egosi eta guk jan dugun enegarrenkeria horretan gauza bakarra baitago jokoan: euskarazko azpi-sistema kulturalean nor posizionatzen den ze lekutan.

Eta antza denez, papur horiek jaten itsututa, dagoeneko prest gaude hizkuntz eskubideen alorrean egindako konkista sozial eskeletikoak ere pribilegio gisa berrinterpretatzeko.

Eztabaida probintziano horietan A edo B esanez gabiltzan bitartean, indarrean diren hizkuntza-politikez ez dugu aspaldian hitz erdirik esaten. Ez dakigulako zertan diren ere. Eta batez ere, ez daukagulako idortuta dagoena iraultzen hasteko tresnarik –eta gogorik?–.

Euskaldun gisa bizi ditugun desparekotasunen kausa nagusiei begiratu ordez, ondorioetan iraulka ibiltzea da hautua. Terminologia politiko zail-itxurako bat erantsita, hori bai: ez dezatela esan gure inoperantzian erradikal-plantarik ez dugunik.

5 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA