Gizajale handia

Gorka Bereziartua
0
Greziako kostaldean hondoratu zen ontzian 700 lagun baino gehiago zihoazen.

Pasa den asteetako notiziek ez ote diguten utzi “begi-ninia hilik”, Pio Barojak zioen moduan, “itsasoari, gizajale galant horri, begira egonagatik”. Felipe Juaristik itzulita euskaraz irakur ditzakegun ipuin barojatarren artean, Angelus izaten da bueltatzeko sarrien eskatzen didana, pare bat orrialdetan kondentsatzen duelako zerbait esentziala: ur handitara doazenak egon daitezkeela “arriskuetan zailduak eta itsasoko borroketara eginak”, eta egunak eduki ditzakeela koadro atsegin baten koloreak –“eguzkia, izpi distiratsuak erakutsiz, hodei baten zirrikitutik irteten zen eta haren aho gorri antzekoa itsasoaren gainean islatzen zen dardaraz”–; berdin da, itsasoratzea erabakitzen duenak jakin behar du bueltako txartela ontzi barruan bakarrik saltzen dela. Eta batzuetan munduko diru guztiarekin ere ezin dela pagatu.

Horraino pertsonei eta itsasoari buruzko egia unibertsalak, izan ere, pagatzeaz hitz egin dugunez, partikulartasun inportanteak berehala agertzen dira olatu artean ordu larriak jotzen duenean. Oso diferentea da ondo gizendutako kontu korrontedun lagunekin urperatu ala 50 lagunentzat pentsatutako barkuan beste 700 pertsona baino gehiagorekin bidaia etsienari ekin.

Oso diferentea da kasu bakoitzean jasotzen den arreta ere: ipurdia galdu beharrean ibili dira nazioarteko agentziak Titanic-en hondarren bila murgildu eta Atlantikoan desagertu den urpekariko tripulazioarekin gertatu denaz informatzen, badakizkigu haien izenak eta historiak. Aldiz, ohikoa baino indiferentzia gutxixeago bakarrik gastatu dute Greziara ailegatu nahian Mediterraneoan 600 lagun auskalo nola ito direnean –nor ziren? Nola bukatu dute hor?–. Ez da arreta mediatikoa bakarrik, kasu bakoitzean salbamendurako erabilitako baliabideen konparazioak –Greziako kasuan halakorik izan baldin bada behintzat– zinikoenaren gibela ere sastakatzen du. Are gehiago jakinda Mediterraneokoa urrun dagoela kasu isolatua izatetik.

Baina –beti baina, beti baina– iruditzen zait konparazio horretan geratzea ere problema honen iltzea erabat atera gabe uztea dela: bi bando ikusten ditugu, haietako baten alde jartzen gara eta kontuari buruz garatzen dugun ikuspegia bihurtzen da, gutxi gorabehera, bideo-joko baten antzekoa. Alegia, birtuala. Eta ez gaude arrisku zentzugabeak hartzeagatik hil diren millonettien aldean, noski; baina, aitor dezagun, ez gara Mediterraneoan hil diren horiek ere.

Ikusle hutsak garela pentsa dezakezu, jabetzen zaren arte Titanic-en bila zihoanean kraskatu den urpekarikoen kontura sareetan agertu diren txistetxo, bromatxo eta memetxoak nekez egingo zenituzkeela horrelako inozokerian bizia galdu dutenak gertuagokoak balira. Adibidez, iazko ekainean eta uztailean EAEko itsas-salbamenduak erreskatatu zituen 144 lagunetako baten bat, denak ere aisialdiko barku aberiatuetatik, zorionez, onik lehorreratuak –eta konparazioa luzatzen hasita, zergatik geratu uretan, Himalaiako tontorrak ia zortzigarren euskal probintzia izendatu baditugu: arrisku zentzugabeagorik–.

Urpekari titanikoetan bizia galtzen dutenei goitik behera begiratzeko moduan ez gaude, nik uste. Hobe genuke itsasoa, gizajale handi hori, hain friboloki zergatik erabiltzen dugun pentsatzea. Haren hondorik sakonenean baitaude lurreko infernutik ihes egin nahian hiltzen diren milaka lagunen gorpuzkiak. Eta ez da itxurosoa jolas-parkea hilerriaren gainean edukitzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA