Rubiales afera, negozio txiki eta handietan esplikatua

Gorka Bereziartua
0

 

Etxeko edozein traste salerosteko erabiltzen den Wallapop aplikazioko bilatzailean “Luis Rubiales” sartzen baduzu, besteak beste honakoak agertuko zaizkizu: kromo bat, Espainiako futbol federazioko presidentea jokalari profesionala zen garaikoa –20 euro–; eta 2006/2007 denboraldian Levante taldean erabili zuen elastikoaren erreplika bat –120 euro–. Piltzar horiek, prezio horietan. Hum. Aztertzekoa da. Zerbait adierazten du bizi dugun garai estrainio honek probokatzen dituen salmenta-aurreikuspenez: normalean xentimo batzuen truke erosten dira pasatako denboraldietako kromoak; eta lehen mailako futbol taldeen elastiko berri batengatik 90 euro inguru lapurtzen badizkizute, zaharrago baten prezioak apalagoa behar luke inondik ere.

Pentsa liteke, hortaz, Rubiales markarekin lotutako produktuak tentsio inflazionista betean daudela bigarren mailako merkatuetan. Eta hori gertatzen da merkantzia horien jabeek kalkulatu dutelako 1) oso ugaria ez den ondasun bat daukatela esku artean; 2) Rubialesek Jenni Hermoso jokalariari eraso egin osteko polemikak beste jende mota bat ere aktibatu dezakeela –tipoaren alde egon daitezkeen misogino, incel eta pelaje guztietako matxoak–; eta 3) jende hori, merkatu-segmentu gisa ulertuta, prest egon daitekeela hainbeste pagatzeko, lagunarteko unga-ungan zimino nagusi gisa koroatzeko balio dien objektu-fetitxe baten truke.

Zarata dagoen lekuan orotariko negozioak sortzen baitira. Eta Rubialesek dimititu ordez bere buruari antolatu dion kalbario –barkatu, egin behar nuen– mediatiko honetan, uste dut negozioaren adarra dela despistatu behar ez denetako bat. Lester Freamonek esplikatu ziguna kasu honetara egokituz, Espainiako federazioko presidentea ematen ari den pausoak jarraitzen badituzu, bera bezalako beste gizaseme batzuen potro-usainera bakarrik iritsiko baitzara. Baina diruari segika hasiz gero, urrunago iristeaz gain, gauzak hobeto ulertuko dituzu.

Billete zakarrei erreparatu behar zaie adibidez, konprenitzeko ze labetan egosi den gizonezko futbolari askok asuntuaren aurrean hartu duten jarrera epel-hotza. Dagoen lekura iritsi baino lehen, Rubiales –atzelari harri kozkor samar bat–, lider gremial gisa aritu zen Espainiar Futbolarien Elkartean (AFE) eta hango presidente zela lortu zuen gizonezko jokalari profesionalen gutxieneko soldatak ezarri zituen lan hitzarmena. Eseri, eseri, izutzeko modukoa da-eta: konbenio hari esker, ligako jokalari batek ezin du urtean 155.000 euro baino gutxiago kobratu.

Alegia, hamalau soldatatan, hilero 11.000 euro poltsikoratzen ditu lehen mailako pobreenak. Eta behin klub horretan sartzea lortuta, zertarako hasiko zara ideal berdinzaleengatik zure buruari problemak bilatzen? Justu nomina horiek bermatu zituen tipoaren kontra, gainera? Bai, hain kasu okaztagarriaren aurrean gizonezko jokalari gehienak zeruari begira txistuka geratzea patetikoa da, noski. Baina ulertu ere, erraz ulertzen da nola fabrikatzen den isiltasun hori.

Ez da berria, gainera. Rubiales “sindikalista” ohia askatu nahi ez duen kargura iritsi zenetik dabil fetxoria batetik bestera: salatu zizkioten federazioaren diruz pagatutako orgiak, entzun genituen Superkopa Saudi Arabiara eramatearen truke negoziatutako komisioak. Baina tipoak bere barrabilei eusten zien. Eta ia 700.000 euroko soldatari –amigo, hara hor, berriz ere, arrazoi on bat kargua ez uzteko–. Eta ez zitzaion ezer gertatzen. Eta gauzak beti horrela izango zirela pentsatuko zuen. Eta espero dut ez direla beti horrela izango, baina ikusitakoak ikusita, beste modu batera izatea ere ederki kosta behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA