Meme bat Waterloon

Gorka Bereziartua
0

Iraila izaten da urtearentzat, astelehena astearentzat den gauza berbera: zulo tenporal tragiko bat, nola edo hala gainditzen duguna, parean tokatzen den edozein zantzu positibori atzaparrekin, letaginekin eta bihotzarekin eutsiz. Ostarteren bat ikusi behar horretan, Nanni Morettiren film berriari buruzko albisteak irakurtzen hasi naiz –Zinemaldia baino lehen komentatzen dut hemen, gero existitzen ez diren pelikulei buruz ere denetik esango baitu prentsak–.

Antza denez, Il sol dell’avvenire morettikada totala da, alegia, ideologikoki gorrizta eta narratiboki autofiktiboa, eta badu eszena bat, trailerrean ikusitakoa irudikatzen dudan bezalakoa baldin bada, garaia ondo samar harrapatuko duena: bildu da filmeko protagonista –pelikula bat bukatzeko diru faltan dabilen zinema zuzendaria–, Netflixeko exekutibo agresiboekin eta hauek paketea markatuz esan diote 190 herrialdetan estreinatuko dutela; baina gero komentatu diote filmak arazo larri bat daukala: what the fuck momentu bat falta zaio.

Hum. Hor badago zerbait. Eta zer den jakiteko, galdetu behar da zergatik eskatzen dion ikus-entzunezko kapitalismoaren abangoardiak zuzendari bati eszena bat, ikuslea jarriko duena “baina ze ostia?!” esateko tenorean. Erantzun posible bat, diot nire artean, izan daiteke ondorengoa: absurduak, satelitekeriak, what the fuck-ak arreta erakartzen du, memeak produzitzen ditu; beraz, potentzialki birala da, filmaren –edo dena delakoaren– irismena handitzen du. Zure telefonoko pantailan agertzeko denok denon kontra borrokatzen ari garen mundu gerra honetan, what the fuck eszena daukanak badu tanke bat.

Horrelako kontuak nerabiltzan buruan, Carles Puigdemontek eta Andoni Ortuzarrek Waterloon egin duten bileraren argazkia ikusi nuenean. Dena ulertu nuela iruditu zitzaidan. Aber, dena. Zerbait. Konkretuki, zer pintatzen duen definizio altuko telebistan pintxatu duten ikurrina.jpg horrek. Bandera horretaz nahi duzuna esango duzu, baina gauza bat argi dago: ez da trapu bat.

Deskuiduaren hipotesia: convergente ohiek okasiorako ikurrinik eduki ez, jeltzaleek beraiena eramatea ahaztu; eta nolabait jarri behar euzko endaren izara obengea, fundamentuzko bilera bilateral batek bi nazioen ordezkari nagusien arteko topaketa sinbolizatuko badu –nahiz eta azkeneko hauteskundeen emaitzek beste zerbait adierazten duten, baina tira, nork behar ditu botoak imajinarioak erabil ditzakeenean–. Posibleena da hori gertatu izana, ados.

Jolas dezagun, hala ere, what the fuck eszenaren hipotesiarekin, ez baitira pare bat gauza ahaztu behar: orrazkeran antzik ez duten arren, Ortuzar eta Puigdemont komunikazioaren mundutik datozela, batetik; eta kide diren tradizio politikoek jakin dutela 1978tik Espainiako Estatuarekin probetxuzko txamak egiten, bestetik.

Horregatik, ez dit lan handirik ematen pentsatzeak ikus-entzunezko komunikazioaren azkenaldiko tendentziak estatu-paktu berrien zerbitzura jartzen dituen irudi baten aurrean gaudela, Sanchezen inbestidura baino zerbait gehiago bultzatu nahi lukeen operazioan: meme bat Puigdemonten “konpromiso historikoa” eta Urkulluren “konbentzio konstituzionala” publiko zabalari helarazteko.

Hitz egin dezala mundu guztiak HD-n proiektatutako ikurrinaz: antza denez azkenaldian ez dago estrabagantzia baino jarrera hoberik gaiak agendan sartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA