Ba entretenigarria izan da gauza, ez pentsa: nik uste nuen dena oso politikoki polit gertatuko zela Espainiako Diputatuen Kongresuan legearen bedeinkazioarekin inor euskaraz hizketan entzungo genuen lehenbiziko aldian. Aldekoen aldekotasuna erraza baitzen aurreikusten. Kasik kontrakoen kontrakeria bezainbeste. Baina, keba. Aurreikuspen guztiak pikutara joan ziren aurka zegoen diputatu batek –Borja Semper, a.k.a. “Dunboako Churchill”– aldexkako keinua egin zuenean, hitz batzuk euskaraz ahoskatuz, nahiz eta hemizikloan euskaraz –katalanez, galizieraz, eta abar– egitearen kontra aritu.
Izugarri asaldatu zaizkio Genova kaleko hamahirugarrenean bizi diren etxekoak, Amurrioko Santiago eta beste lehengusuak eta Madrilgo medioetan jai eta aste isiltzen ez diren koinatuak. Badirudi mundutxo horretan aurretik abisatu gabe euskaraz hitz egiten duenak ahuntz eta guzti inbokatzen dituela legionarioak, Flandriako Tertzioak, Filipinetako Azkenak, Gurutzadetako beteranoak, On Pelayo bera eta Getaferen hamaikako osoa, Jose Bordalas buru dutela, penaltia espantuka eskatzen. “Alde egon ala alde egin” kontsigna biziberrituz, harmailak hustu zituzten belarrigogorrenek. A ze desplantea.
Eta nahiko bakarrik geratu da Semper gaixoa, noski. Euskalgintzako eragileren batek emititu behar luke seinaleren bat jasan duen jazarpenari erantzunez –hori ere euskarafobia da–, baina badirudi oso lanpetuta dabiltzala beste ofizialtasuna lortzeko kanpaina antolatzen, Europar Batasunekoa, alegia. Nire inguruan behintzat ez baita besterik komentatzen azkenaldian: katalanek Guardiola jarri dutela asuntuaren alde hizketan, baina gurea, publiko egiten denean, askoz txiripitiflautikoagoa izango dela. Ea ba laster ikusten dugun, martxa honetan kanpainarik gabe ofizialduko baikaituzte eurogauzetarako eta eskubideak horrela lortzeak ez dauka batere graziarik.
Egia esan, diputatuek euskaraz aritzeko baimena ere esfortzu handirik gabe lortu da. Esan liteke lortu egin digutela. Katalanek, alegia. A ze inbentoa, katalanak: gauzak egiten dituzte. Konkretuki, sekula eztakoak lortzen dituzte. Adibidez, PSOEk bere nazionalismo espainiarraren parte bat eranztea Puigdemonten botoen truke. Egingo luke beste hainbeste gure Puigdemendiren baten faboreak lortzeko? Ba ez dakigu. Ez dakigu gure puigdemenditarrak gutxiagorekin konformatzen diren, beste gauza batzuk eskatzen dituzten ala soziatak ez diren hain sentsual jartzen abertzaleekin intimitatean etzaten direnean.
Edozein kasutan, momentu honek proiektatzen dituen aukera historikoak ez dira brometakoak. Etorkizuna nola datorren esplikatzen saiatuko naiz, pixka bat eskematikoki: negoziazio-dinamika hau zenbait urtez errepikatuko da eta Madrilgo gobernuaren truke nazio azpiratuek geroz eta eskumen gehiago lortuko dute. 2133ra arte. Orduan gerra piztuko baita, Espainiako koroaren inguruko lehia dinastiko bat dela medio. Eta behingoagatik norbaitek herri honetan bando ona aukeratuko du. Eta sinatuko den bake-itunaren arabera, Foruak berrezarriko dira.
Ondorengo hamarkada eta mendeetan kapitalismoa pixkanaka feudalismorantz mutatzen joango da –feudalismoa, baina high tech, ez pentsa: laser ezpatekin eta abar–, eta azkenean faktore guztiek bat egingo dute: Nafarroako Erresuma birfundatuko da. Hori da notizia ona. Notizia txarra da premium harpidetzarekin gertatuko dela, alegia, monarkia absolutu eta guzti. Eta gainera koroa Borboien esku egongo dela. Baina tira. Gorteko kronista hasiko da halako batean Erresumaren sorrerari buruzko atzera-begirako monografiko bat egiten eta idatziko du: “Hastapenean, Semper grazia zuen jaun diputatu batek gaztelarrak desafiatu zituen euskaraz mintzatu zelarik…”.
1 Iruzkin
[…] Gorka Bereziartuak Boligrafo Gorria blogean. […]