“Garrantzirik gabeko proiektu txiki bat” zen hasieran, urtebete iraun behar zuen. Doragon Bōru zuen izena. Alegia, Dragon Ball. Alegia, Dragoi Bola. Beraz, ez garrantzirik gabeko, ez txiki, ez urtebete: Akira Toriyamak sortutako pertsonaiek 1980ko hamarkadan jaiotako askoren haurtzaroa markatu zuten, manga eta animea mundu osoan ezagun bihurtu; eta ia 40 urte geroago ere, historian ale gehien saldu dituen komiki japoniarretako bat da. Joan den astean jakin dugu Toriyama hil dela. Eta klaro, nostalgiametroak eztanda egin dit.
Guk ez baikenuen Dragon Ball ikusten, are gutxiago Bola de Dragón –oraindik ere izugarri arrotza egiten zait Goku eta konpainia gaztelaniaz entzutea; ez dut uste bakarra naizenik–. ETB1en ikusten genuen noski, ETB1 zerbait zenean, konkretuki gaztelaniazko konpetentziaren aurrean zelaira partidua irabazteko asmoz ateratzen zen kate bat. Hortik, imajinatzen dut, bikoizketaren kalitatea: aktore apartak, denbora luzez Xabier Amurizak euskaratutako gidoiak. Hikatik berorikara zebiltzan pertsonaiak, orain barrabana, gero zantarra, hurrena jarein eta tirok. Estilo bat sortu zen, jolastokian Kinton lainoaren gainean flipatzen zuten haurren euskalkia.
Ume haiek jada heldu direnez gero –kontzientziaz ez bada, bai behintzat adinez–, ondo legoke ordea Dragoi Bola osatzen zuten materialez pixka bat fuerteago pentsatzea, sikiera gutako askoren imajinarioan modu inkontzientean sartu ziren zenbait pieza identifikatzeko. Haurtzaroko lilurarik gabe begiratuta, Gokuren abenturak mitologia ugariren sintesi gisa uler baitaitezke. Hasteko, Rafa Egiguren idazleak gogora ekarri izan duen moduan, XVI. mendeko Mendebaldera bidaia nobela txinatarreko Sun Wukong “Tximino erregea” pertsonaiari hartutako osagaiak dauzka –portzierto, Donostian bereak eta bi egiten jarri zuen pertsonaia hori Egigurenek berak, Txipiroiak bere beltzean (Susa, 2019) liburuko ipuin batean–. Istorio hura AEBetako komiki eta film garaikideekin gurutzatzen da Dragoi Bola-n, besteak beste Superman –landa-eremuan hazitako ume estralurtarraren istorioa errepikatzen da; Toriyamak bazuen zerbait DC etxeko pertsonaia nagusiarekin, Arale-n ere parodiatu zuen– eta Star Wars –planetarteko inperioak masakratutako gerlarien kasta: antzeko istorioa da Saiyena eta Jediena–.
Bestalde, zaila da Hiroshiman eta Nagasakin jaurtitako bonba nuklearrak gogora ez etortzea Dragoi Bola-ren une batzuetan: istorioak aurrera egin ahala, borrokaldi bakoitzean leherketa ikaragarriz betetzen zen telebista, suntsipen-gaitasun horrek planteatzen dituen dilemak erakutsiz –Gohanek bere kame hame batekin planeta osoa deuseztatzeko beldurra zeukan, adibidez–. Serieko gaiztoen profil politikoak ere merezi luke analisi bat. Han baziren diktadore faxistak –Freezer–, adimen artifizialarekin funtzionatzen zuten makina hiltzaileak –17 eta 18 cyborgak–, multinazionaletako buruen antza zuten zomorroak –gizakiak zurrupatzeari esker indartsuago bihurtzen zen Cell– edo kapitalismo berantiarraren espiritua islatzen zutenak –Boo Ahaltsuak zibil errugabeak hiltzen zituen, ados, baina aurretik txokolate-tableta bihurtzen zituen–.
Labur esateko, etorkizuneko elementu asko zeuden ostenduta marrazki bizidun haietan. Toriyamaren heriotza momentu ona da berriz horretaz jabetzeko. Beraz, goazen lagunok, amets betean, ea mundu zabaleko txokorik ezkutuenetan gordeta dauden zazpi bola magikoak batzea lortzen dugun, dragoiari guraria eskatzeko, bestela ezinezkoa dirudiena gauzatu dadin: ETBk Primeran plataforman Dragoi Bola jartzea.
4 Iruzkin
Eta ez ahaztu aldaketa klimatikoak suntsitu zuela Namek planeta.
Halaxe da, bai, eta ez ahantzi Cyborg 16 bera nola irudikatzen zen, naturarekin bat, animalia ororen maitale. Kontzientzia ekologista zuen ziborga, alajaina!
Kaixo
Osoados esaten duzunarekin.
Aldi berean genero ikuspegitik begiratuta oso geizki zaharkitu den marrazki biziduna iruditzen zait.
Penaz baina konzienteki harturiko erabakia izan da haurrekin serie hau ez partekatzearen erabakia.
Gero arte
Tira, ñabardura zenbait ere balituzke genero ikuspegitik egin nahi zaion kritikak, izan ere, erraz argudia baitaiteke autodefentsa feministaren aldarri ozenak egiten zituela, Bulmak Iratxo Dordokari ematen zizkion zaplaztekoekin.