Segur aski ez da izango EAEko hauteskunde gaueko daturik aipagarriena, baina niretzat behintzat oso garrantzitsua izan da, ondorengo analisi guztiak baldintzatu baitizkit: seko lo geratu nintzen zenbaketa hasi baino lehen –baina lo, lo; harri kozkor batek ere nik baino REM fase biziagoa edukiko zuen une horretan–, eta esnatu nintzenerako telebistako platoetan ez zen geratzen ezta erratza pasatzen duena ere. Ez begiratu horrela, badakit ez dirudiela oso profesionala, baina mando bat etzateko moduko eguna pasea nuen; eta lege berriren batek kontrakoa adierazten ez duen bitartean, zazpigarren egunean deskantsu pixka bat hartzea ez da jainkoen pribilegio esklusiboa oraindik.
Hori bai, aukera paregabea galdu dute etxekoek Good bye, Lenin! pelikularen bertsio domestiko bat nirekin probatzeko. Kontatu ziezadaketen beste emaitzaren bat, emaitza sorpassatu bat alegia; eta berandu denez, eta gela honetan WiFia ezker konfederalaren botoa bezalakoa denez –etortzen den bezain erraz joaten dela, alegia–, sinetsi egingo nuen kontraste handirik egin gabe. Egoera horretatik aterako zen artikulua eldarnio hutsa izango zen noski, baina biharamunean kalera atera ahalko nuen lotsaz aurpegia estali gabe, izan ere, hauteskunde gauetan beste inoiz baino argiago geratzen da errealitate paraleloetan bizi garela.
Hortaz, esplika dezadan gehiago luzatu gabe errealitatea ikusteko nire manera: EAEn, pasa den igandean, ez da hauteskunderik izan. Partidu bakoitzak emaitzak nola baloratu dituen ikusita behintzat, zehatzagoa da esatea zoriona banatzeko prozesu demokratiko bat bizi izan dugula, ia mundu guztia baitago kontent lortu duenarekin. EAJ pozik dago, emaitza honekin Ajuria Eneari beste lau urtez eutsiko diolako Gollumek bere altxorrari bezala. EH Bilduk ere biribilketa alegeran dantzatu dezake, anaia nagusiaren tamaina bereko bizikleta daukalako orain. PSE-EEkoak alaitasunez kabitu ezinda daude, Sabin Etxeko errapeetatik esne kondentsatua aterako baita lehendakaritzaren truke. Hain pozik ez, baina irribarrez hala ere PPkoak, azken hogei urteetako gainbehera progresiboa eten baitu Javier de Andresen Brummel lurrinak. Eta Voxekoa ere pozik, legebiltzarkide etarrei zigarroak linburdikatzen jarraitu ahalko baitu atsedenaldietako bakardadean erretzeko, gauza naziak pentsatzen dituen bitartean.
Pozik ez diruditen bakarrak Podemosekoak eta Sumarrekoak dira, bereizita aurkeztea katastrofe hutsa izan baita, aurreikuspen guztiak betez. Bila diezaiegun pozteko motiboren bat, beraz, une zail honetan bizkarrean txapaka egiten diegun bitartean: “Baietz, badakit oso gaizki atera zaizula, baina zuk behintzat argi daukazu arrazoia zeneukala. Nori inporta zaizkio botoak hori jakinda?”. Hum. Ez dakit funtzionatuko duen.
Igual beste jardueraren bat proposatzea da kontua, espazio horretako lehia kaindarrek utzitako zauriak goxatzen laguntzeko. Nik zer dakit, berradiskidetzearen aldeko poesia errezitaldi bat, adibidez: “Elkarrekin Poemas: sumatzen da hitza”. Nik hor uzten dut ideia. Eta lotara noa berriz, artikulu honen hasieran nire buruari jarritako helburua horixe baitzen. Suerte pixka batekin, esnatzen naizenerako hurrengo hauteskundeetako emaitzak ere zenbatuta eta albaranatuta egongo dira.
1 Iruzkin
[…] Zoriona banatzeko prozesu demokratikoa […]