Patxi Ezkiaga eta isiltasun jasangaitza

Gorka Bereziartua
6

Isiltasuna gauza inportantea da. Entzun dezagun zer dioen. Entzun iskanbila, istilu, zalaparta, asaldura eta espantu guztien gabezia honi, esanguratsua baita.

Joan den astean izan genuen salaketaren berri. Ezin nuen sinetsi. Gero, ia deus ez. Eta ni behintzat, harrituta ari naiz ikusten batzuetan justiziagilearen kapa harrotuta aurkezten den gure panorama kulturalak nolako nagitasunez begiratzen dien, beste batzuetan, biktimarik ahulenek jasandako doilorkeriei: Patxi Ezkiaga zena akusatu dute adin txikiko neska baten aurkako sexu-erasoengatik. Eta albisteak eragin didan sorgortasunaz gain, ondoren ia inork ezer ez esateak utzi didan hutsunea garraiatzen ari naiz azken egunetan.

Jakin nahi dut zerez osatuta dagoen isiltasun hori. Ezjakintasuna ote? Ezkiaga nor izan zen ez gogoratzeko bezain matxuratuta ote daukagu transmisorea? Ala irabazi/galeren kalkulua da, akaso? Salaketa egin duen pertsona ez baita famatua. Eta salatutako idazlea hilda dago. Zertarako nekatu kapital sinbolikorik jokoan ez dagoen kontuetan.

“Zortzi edo bederatzi urte izango nituenean hasi zen. Lehen oroitzapen gogor gisa, akordatzen naiz egun batean diapositiba batzuk jartzera etorri zela. Ilunpetan, bere hanken gainean esertzera behartu ninduen, eta fraidea zenez, inork ez zuen ikusten edo ez zuen ikusi nahi. Nire hankak irekita esertzen nintzen bere hanka baten gainean, eta denbora guztian nire belauna ukitzen, nire ipurdia, bizkarra. Genitalak ukitzen zizkidan hankarekin, hanka igurzten zuen, edo ni mugitzen ninduen, edo bera mugitzen zen, igurzteko. Esku batean proiektorearen agintailua zerabilen, eta bestearekin ukitzen ninduen. Hori guztia, nire gurasoak gela berean zeudela”.

Marisol Zamoraren hitzak dira. Bere esanetan, hamahiru urte bete zituen arte jasan zituen horrelako erasoak Ezkiagaren aldetik. Ez dirudi bakarra izan zenik: “90eko hamarkadan zurrumurru asko zegoen, umeak ukitzen zituela. Neskak deitzen zituen bere bulegora eta hirunaka joaten ziren elkar babestu ahal izateko”.

Testigantza irakurriko zuten Ezkiagarekin harremana izan duten literatur munduko pertsonek ere. Lerro hauek idazten ari naizen unean, inork ez du txintik esan. Isiltasuna. Laster atertuko duela dirudi.

Segur aski baten batek oraindik erantzungo lidake, idazlea hila izanik, bere burua defendatu ezin duen norbaiten aurka ari naizela. Eta egia da. Egia da, era berean, Ezkiagak bizi zen artean ez zuela egindakoaren erantzukizunik hartu. Heriotzak horretaz ere salbuetsi du. Biktimetako batek urtetako omertà puskatu izan ez balu, ondo gordea geratuko zen guztia, kontatu gabe uzten diren nazkagarrikerien kutxa gotorrean.

Albisteak eragin duen su txikitik Ezkiagaren poemak salbatu beharra ere piztuko zaio, akaso, baten bati. Eta arrazoia izango du agian. Baina momentu honetan, ezinezkoa egiten zait haren poemetan sarri agertzen den maitasun-esperientzia narean sinestea, gogoratu gabe idatzi zituenak bere esku zeuden umeen bizimodu afektiboan hain inpaktu larria izan zuela. Poetaren ni-ak hainbesteko presentzia daukan obra batean, jarrera egiatia da gutxieneko exigentzia eta ez dakit Ezkiagak idatzitako zenbait lanek proba hori pasako luketen.

Bestalde, dakigunak aski izan behar luke poetak bizi zen artean jasotako ohoreetako batzuk berrikusteko, besteak beste Legorretako seme kuttun izendapena eta herrian haren omenez jarritako eskultura. Abusuen biktimei zor zaien erreparazio-keinu txikiena litzateke. Isiltasuna pitzatzen hasteko modu bat.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA