Ai, zenbait futbolzaleren izaera bipolarra. Egun batean maiuskula handiagoak falta zaizkie sareetan aldarrikatzeko Imanol Alguacil bota egin beharko luketela segituan, Aritz Elustondok ez lukeela 2. B mailan ere jokatuko eta Sheraldo Becker baino hobe litzatekeela Realaren hegal horretan Jon Manteca defuntua jartzea, makulu eta guzti. Baina gero hurrengo jardunaldia dator, Realak Bartzelonari irabazten dio eta, hara, bat batean Imanol estratega hobea da Carl von Clausewitz baino, Elustondoren partidu titanikoa goraipatzeko superlatibo absolutuak bakarrik erabili daitezke eta Beckerrengatik sentitzen hasten dira gauza batzuk, zeinak bi minutuz aztertuz gero, beren heterosexualitatea krisian jarriko bailuketen.
Baina hori dena desoreka bipolar futbolzalearen oinarrizko pack-a besterik ez da. Beste gauza bat da nire ustez, bipolaritatearen premium bertsioa alegia, pasa den ostegunean Tel Aviveko Maccabiren jarraitzaileek Amsterdamen egin zutena. Joan ziren samaldan, Mossadeko agente eta guzti, Ajaxen aurkako partidura; ibili ziren hiriko balkoietan zeuden bandera palestinarrak kentzen eta erretzen; txikitu zuten taxi bat; egurtu zituzten –lekuko batzuen arabera, burdinazko barrekin– zenbait bizilagun; kantatu zituzten oda lirikoak –“bihar Gazan ez dago eskolarik, ez baita geratzen joango den umerik”, adibidez–; eta estadio barruan ere, garrasi batean aritu ziren Valentziako uholdeetan hildako jendearen omenezko minutuko isilunean.
Eskuzabalak Maccabiren zaleak: ematea gustatzen zaie. Jasotzea, ez hainbeste. Zale horietako batzuk jipoitu baitzituzten gero; eta haietako bost ospitaleratzea nahikoa izan zen sionultren hizkera erabat transmutatzeko: hau pogrom bat da; gu eta Anne Frank, antzeko pareko; eraso antisemitak; tar, tar, tar.
Inor ez harritzeko, agintari nederlandarrek berehala erabili zuten teknologia linguistiko melodramatikoena futbolzale israeldarren aurkako indarkeria salatzeko, kupituta, ikusirik Mr. Hyde nola bihurtu zen urratu batzuen poderioz berriz ere Jeckyll doktore. Babesa, erabatekoa: ostiralean, Tel Aviveko taldea “animatzera” joandakoak guardia polizial eta guzti garraiatu zituzten Amsterdam-Schiphol aireportura, non ohiko hegaldi kopurua bikoiztuta, denek azkar hanka egin ahal izan zuten.
Niri berriz, aireportu horren izena irakurtzean, 1992an Amsterdamgo Bijlmermeer auzoaren kontra amildu zen hegazkin bat agertu zitzaidan garunaren zimurretan. Ofizialki loreak, lurrinak eta gailu elektronikoak garraiatu behar zituen El Al konpainiako Boeing bat Amsterdamdik Israelerantz abiatu, berehala matxuratu eta etxebizitza-bloke baten kontra lehertu zen urte hartako urriaren 4an. Herbehereen historiako abiazio-istripu handiena da. Eta espioien pelikula bateko gidoia dirudien materiala ere bai, momentuan hildakoez gain –47 pertsona ofizialki; eraikinean paperik gabeko lagun asko bizi zela kontuan izanda, gehiago ere bai segur aski–, Bijlmermeerreko bizilagun askok osasun-arazo larriak izan baitzituzten orduz geroztik. Bizi osorako gaixotu ziren haietako batzuk.
Eta zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta gauza arraroagoak agertu ziren. Sei urte pasa arte ez zuten agintari nederlandarrek egia aitortu: Israelek erabiltzeko material militarra zeraman hegazkinak –munizioak, lehergailuak eta sarin gasa fabrikatzeko osagaiak, besteak beste–. Koktel horren konbustioa arnasteak gaixotu zituen istripua gertatu zen lekuan bizi zirenak.
Aurrekari hori ezagututa, askoz hobeto ulertzen da Herbehereetako agintariek nola bilakatu dituzten orain Maccabiko astakirten biolentoak eraso antisemiten biktima. Arma kimikoak lore bihur badaitezke, esan nahi du Israel tartean denean, edozer transformatu daitekeela beste edozertan. Ez da desoreka bipolarra: ipurgarbitzailearen autoengainua da.
1 Iruzkin
Orokortzea, egiten duzun moduan, ez dago ondo, eta ez da zuzena. Barçari irabazita ere Imanolek ez lukeela Realean “turroia” jan behar pentsatzen dutenetakoa naiz, bere zikloa igaro dela eta entrenatzaile berri bat behar dugula.
Eta Oyarzabali buruz uste dut gaur ordezkoa izan beharko lukeela bihar ikusiko dugu….