Hurritza astindu nahi dutenak

Gorka Bereziartua
0
Benito Mussolini, 1941ean Errusiako frontean hiltzera bidali zituen soldaduak ikuskatzen.

Bakoitzak bere afizioak ditu, intentsitatearen arabera adikzio bihur daitezkeenak edo, gutxienez erdibideko zerbait. Afikzioak beraz? Hitz egokia izan daiteke liburu sorta batekin gertatu zaidanaz aritzeko, fikziotik asko duena, batez ere teknikan, baina mamian gertakari historikoak dauzkana, detaile handiz dokumentatuak gainera: Antonio Scuratik idatzi duen Mussoliniri buruzko tetralogiaz ari naiz, zeinaren azkeneko totxoa joan den astean irentsi bainuen, jonkia ez bestea.

Zirkulua ixten duen liburua da. Lehenbiziko bolumenean faxismoaren sorrera eta boterera iristeraino egindako maniobrak xehe-xehe aletu ondoren –bereziki sarkorra iruditu zitzaidan ezkerreko alderdi eta sindikatuen aurkako biolentzia eskuadrista gupidagabeaz egiten duen erretratua–, ondorengo bi liburuetan Mussoliniren erregimena nola egonkortu zen kontatu du, Vatikanoaren bedeinkapen eta guzti; eta Alemania naziarekin egindako ententea, II. Mundu Gerraren atarikoak, abentura kolonial italiarrak… Ezagutzen omen dugun historia, askok ezagutzen ez genituen detaileen bitartez antzaldatua: orrialde horietan garaiko pertsonaia garrantzitsuek piztiaren aurrean izandako pasibotasuna, utzikeria eta, are, uneren batean Mussoliniri izan zioten miresmena agertzen dira –Winston Churchill eta Benedetto Croce, une historiko desberdinetan, Duce-ari txalo-joka: gaur egundik begiratuta ez dirudi sinestekoa–. Nonahi hedatzen ari den ultraeskuin berria serio hartu behar dela pentsatzeko abisu ugari aurkituko du irakurleak.

Baina sagako azken liburuak beste mota bateko abisuak dakartzala iruditu zait, errepikatu daitekeen beste historia batekin egiten duela ispilu-jokoa alegia. M: l’ora del destino (M: patuaren ordua) liburuan, Italia, Mussoliniren handinahikeriak hartaratua, batere prestatu gabe zeukan gerrara doa Hitlerren atzetik, arratoiak Hamelingo txirulariari segika abiatu ziren gisa berean, pentsatuz kontua azkar kitatuko dela eta harrapakinak banatzen direnean han eta hemen soldatutxoak kolokatuta edukitzea nazioaren onerako izango dela.

Badakigu zer gertatu zen, noski. Zortzi astean zanpatu behar zuen III. Reichak Sobiet Batasuna. Hebain-hebain eginda atera ziren nazifaxistak ekialdeko frontetik. 100.000 inguru izan ziren alferrik hiltzera bidalitako italiarrak. Badakigu, jakin behar genuke, italiar batek aspaldi esana baita, Makiavelok alegia –eta gogoratzen ez duenarentzat, duela gutxi berritu du Anjel Lertxundik Berbelitzen hiztegia-n–: “Nahi denean hasten da gerra, ahal denean bukatzen da”. Baina badirudi ez dugula jakin nahi.

Pasa den astean, Scuratiren liburutik begiak altxa ditudan bakoitzean, notiziak larriagoak ziren: Joe Bidenek irismen handiko misilak erabiltzeko baimena eman dio Ukrainari. Josep Borrell Europar Batasuneko diplomaziaburuak beste hainbeste egiteko eskatu die EBko estatu kideei. Eta Ukrainak erabili egin ditu misil horiek, Briansk eta Kursk eskualdeetan. Errusiak azaroaren 21ean Dnipro hiri ukrainarreko instalazio militarren kontra jo du erantzun gisa. Nobedadea Orexnik (hurritza) izeneko misila izan da, zeinak Errusiatik jaurtita, 20 minutu baino gutxiago behar duen Europako edozein hiritara iristeko. Hiru kilometro segundoko abiadura hipersonikoak har ditzake. Munduan ez dago aire-defentsarako sistemarik hori geldiaraz ditzakeenik. Oraingoan, karga nuklearrik gabe jaurti du Errusiak. Abisu bat.

Misil esperimentala dela eta Errusiak horrelako askorik ez daukala esan diote AP agentziari, anonimoki, AEBetako armadako bi ofizialek. Gerra nuklearraren atarian hurritza astintzeko gogoz jarraitzen duten arduragabe horien eskuetan, akaso, ez gara Errusiako estepara hiltzera bidali zituzten soldadu italiarrak baino askoz gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA