Droneak, gaitak eta Eguberrietako argiak

Gorka Bereziartua
0
Argazkia: Donostitik.com.

Beste askok bezala, nik ere ez nekien zer egiten nuen han, Donostiako Alderdi Ederren, joan den ostiral arratsean. Ustez, Eguberrietako argiak piztu behar zituztela-eta juntatu ginen klase, arraza eta genero orotariko jendeak, baina esango nuke hauteskundeak izaten direnean bezala gerturatu ginela, hau da, pasio handirik gabe, igual karamelu bat, boligrafo bat edo pin bat oparituko ziguten esperantzan.

Argi batzuengatik hainbeste komeria. Esango lukete elektrizista batek edo bik egunero egiten dutela horixe bera, eta hain hanpurus jarri gabe, baina tira, megafoniako abisuak moztu dizkit pentsamendu ezezkorrok. Adi egoteko denak, ez despistatzeko atxamartak, eskuluzeak ere ibili litezkeela; eta ebakuaziorik egitekotan, Hernani kalerantz bideratu behar dela hanka-jokoa. Hasi aurretik ere ebakuatuko nintzen handik egia esan, baina. Itxoin egin behar.

Eta itxoiteko, piano-pieza bat. Larari-larara. Ei, ba ez dago batere gaizki. Badu zerbait. Halako malenkonia doi bat, ezpalduz bezala doana, entzulearen poro guztiak betetzen dituena. Gustatzen zait. Gustatu baino gehiago. Joder, a ze konposizio puska. Hunkitzeko puntuan nagoenean moztu du megafoniak berriz, “Donostiako enbaxadore” gisa aurkeztu duen abeslariari sarrera emateko. Ah, ahaztua nuen: makina, segundu bat, Mikel Erentxun behar dusu gaur. Enbaxada ederra izan da etortzea, bai horixe.

Tipoa Tio Pepe bat eginda atera da udaletxeko terrazara eta han hasi da, Olentzero joan zaiguka. Mikel erentxuten aritu arren, gaita galiziarrez akordatu naiz, eta pentsatu dut oso antzeko kualitateak dituztela biek. Adibidez, soinu berbera egiten dute ezkontzetan eta funeraletan. Eta aizu, nondik begiratzen diozun, bi zeremonia horien sintesia izan liteke argiak pizteko antolatu duten kontu hau.

Ideia hori garatu gabe geratuko da ordea. Erentxunaldia ez da asko-asko luzatu, berehala dator arrats honetako mamia eta konpota: botoia sakatzeko unea. Horretarako, donostiar olinpiko batzuk inguratu dituzte, derrigorrez han behar zuten agintari eta notableez gain. Eta justu etengailua zanpatu eta tamarindoak, flax, argiztatu diren momentuan, orduantxe akordatu naiz horrelako eszena bat zegoela Tim Burtonen Batman Returns pelikulan, zeinean Gabonetako argiak piztu ondoren kaosa nagusitzen baitzen Gotham hirian, Pinguinoaren talde armatua bereak eta bi egiten hasten zelako. Emozio fuerteak bizitzeko prestatu naiz, beraz; batez ere esan dutenean orain droneak datozela.

Droneak ere, gaita galiziarrak bezala, berdin agertzen baitira asuntua zerbait ospatzea denean edo norbait hil dela zertifikatu behar denean. Bueno. Berez, droneak norbait hil aurretik agertu ohi dira. Norbait hiltzeko, alegia. Argi-ikuskizun honen aitzakian bildu gaituzten guztiak jo eta lehertuko ote gaituzte Kontxako badiako zerutik jaurtitako misilekin?

Ez ba. Hau Donostia da. Donostian ez dute jendea horrela, masiboki eta momentuan akabatzen. Modu atseginagoan saiatzen dira gauza bera lortzen. Olentzeroren irudi bat osatu dute droneek lehenbizi, Gabonetako beste irudiren bat gero, baina berehala argi geratu da dena aitzaki hutsa dela benetako mandangara iristeko: Haizearen Orrazia, Kontxako baranda, Realaren armarria, danbor bat, hiriko bandera… Batere konturatu gabe, nazionalismo donostiarraren exaltazioa egiten duen ekitaldi batean ikusi dut nire burua. Beldurra sentitu dut, hori da egia.

Eta okerrena: ikusita gauza “ondo” atera dela –ez dela izan, adibidez, Donostia 2016ko inaugurazioan ikusi genuen puenting hura bezalako zerbait–, irudipena daukat erritual hau urtero errepikatuko dela. Izan liteke Aste Nagusiko su artifizialen neguko baliokide bat. “Uoo” eta “aah” guztiak bukatzean helatuaren ordez zer eskatu: hori da orain, hiri honetan, kontsentsu zabal baten bidez baretu beharreko kezka larria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA