Txerribodak, krimen antolatua eta Grande-Marlaska

Gorka Bereziartua
0

Dena sailkatzeko premiak bultzatuta-edo, kontzeptu berri eta kitzikagarriak proposatzen dizkigute hedabideek egunero: bateko nesting egiteko ohitura, besteko nepobabyak nor diren, gaur mob-wife bat zer den esplikatzen dizute eta bihar ghosting-aren arriskuez ohartarazten. Horrelako artikulu bat ikusten dudan aldiro korri egiten dut, gutxi gorabehera Jehovaren Lekukoak ikusten ditudanean bezala, baina aurreko batean, segur aski ingeles-kutsurik ez zeukalako, erori egin nintzen mundu hipermoderno honetako gertakariak esplikatzeko balio duen berbatzar horietako baten atzaparretan: Shazhupan.

Artikuluak Danielen historia kontatzen zuen, 40 urteko suediar bat. Tinder kontu bat ireki eta handik gutxira, match, Adele agertu zitzaion, 30 urte inguru, dotorea, hazpegi asiarrak, Suedian omen zegoen bere izeba bisitatzen. Whatsappez ari ziren handik gutxira: aurrez aurre egoteko planak egiten zituzten bitartean, Adelek kontatu zion kriptotxanponekin diru dezente irabazi zuela, eta beste Whatsapp talde batera gonbidatu zuen, zeinean guru batek inbertsioak egiteko gomendioak ematen zituen; eta Danielek probatzea erabaki: 100 euroxka jarri zituen. Irabaziak ematen zituela ikusita, eta bere bihotzeko Adelek gehiago inbertitzera animatzen zuenez, zeukan diru guztia sartu zuen azkenerako, 40.000 euro. Berandu abisatu zioten iruzurra izan zitekeela. Dirua berreskuratzen saiatu zen, baina ezin. Adele, esan beharrik ez dago, betirako desagertu zen Danielen telefonotik.

Shazhupan-ek txineraztxerribodaren iruzurra” esan nahi du eta, aurreko kasua irakurrita, esplikazio askorik ez du behar: engainatu behar den gizajoa korta digital batean gizentzen dute, pentsu gisa maitasun erromantikoa erabiliz –ikusten zergatik jarri behar dugun zalantzan?–, San Martin egunean haren sos guztiekin odolkiak egiteko unea iristen den arte. Asuntuak badu ifrentzua ere, antza denez mota horretako iruzurretan lan egiten duten gehienak ere engainatu egiten baitituzte lanpostu onak eskainiz. Amuari kosk egin, talde kriminalen esklabo bihurtu eta nagusiek eskatutako kopuruak lortzen ez baldin badituzte, jipoiak, tratu txarrak eta imajinatu ere egin nahi ez ditudan gauzak jasaten dituzte.

Kontu hauek begiratzen ari nintzen beraz, alegia, krimen antolatuak nola engainatzen duen jendea identitate faltsuak erabiliz; nola hondoratzen den psikologikoki horrelako iruzurren bat jasan duena; eta halako batean, pasa den igandean Kataluniako telebista publikoak eman duen dokumental batera iritsi nintzen, Herrialde Katalanetako mugimendu sozialetan infiltratutako polizien kasuak kontatzen dituena. Modus operandi-a oso-oso antzekoa iruditu zait: afektuak esplotatzen dira bi kasuetan, helburu ekonomikoekin shazhupan-aren kasuan eta helburu politikoekin infiltratuenean. Beste aldea da iruzurgile hauek, besteek ez bezala, funtzionario soldata kobratuz lan egin dutela eta, Fernando Grande-Marlaskaren oniritziarekin, kontu korrontetik askoz urrutirago iritsi zirela.

“Ni estatuak bortxatu nau”, dio dokumentaleko une batean infiltratutako agenteetako batekin harremanak izan zituen norbaitek. Odolkiak egiteko gogoa ematen du horrelako gauzak agintzen dituzten urdeekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA