Astelehen goiza zen orduan ere. Aste hura ere ez zen ondo bukatuko. Herschel Feibel Grynszpan, hamazazpi urteko gazte judua, Parisen bizi zen osabarekin. Paperik ez, lanik ez, egunero-egunero atxilotuko zuten beldurra hezurretaraino sartua. Inora ez, inora ezin. Alderrai gosetua, arropa higatuak, zapata gastatuak: konbinazio bitxia azaroaren 7 hartan pausoa bigunduko zion alfonbra dotorearekin. Lille karrikako 78. zenbakiko enbaxada alemaniarrean sartu zen.
Enbaxadore jaunarekin hitz egin nahi zuela esan zuen, dokumentu garrantzitsua omen zeukan hari eskura eman beharrekoa. “Von Welczeck jauna ez dago hemen une honetan”, erantzun zion idazkariak, “baina Vom Rath jauna bildu daiteke zurekin, ondo baderitzozu”. Funtzionario nazi gazteak Grynszpan bere bulegoko atean ikusi zuenean, paper inportante horiek erakusteko eskatu zion. “Hi boche koipetsu bat haiz! Jazarritako 12.000 juduen izenean, hemen daukak dokumentua!” esan, errebolberra atera eta tiro egin zion Grynszpanek. Handik bi egunera hilko zen Rath.
Heriotzaren berria jaso zuenean, Adolf Hitler Munichen zegoen, garagardotegiko estatu-kolpe saiakeraren hamabosgarren urteurrena ospatzen, besteak beste Joseph Goebbels propaganda ministroarekin, zeinak SA-ko beteranoen aurrean hitzaldi pozoitsua jariatu baitzuen hildako funtzionario nazia mendekatzeko ekintzara deituz; “manifestazio espontaneoak” egin behar ziren juduen kontra. Telegramak eta telefono-deiak berehala hasi ziren Alemania osoan barreiatzen hura martxan jartzeko.
Eta gero, infernua. Ehunka sinagoga sutan, milaka denda puskatuta, atzaparka arpilatuta. Juduen etxeak: eraso. Juduen ospitaleak: eraso. Juduen eskolak: eraso. Juduen hilerriak: eraso. Haien bizilagunak izan ziren maizenik ehizaldietako txakurrik gosetienak. Nahi zutena egiten utzi zieten, poliziak ez esku hartzeko agindua jaso baitzuen. Suhiltzaileek ere bai, kiskalitako sinagogek inguruko “ariarren” etxeak kaltetzen ez zituzten bitartean, noski. 91 lagun hil zituzten gutxienez. Kristallnacht, faschistische Pogromnacht, Novemberpogrome: nola izendatu eztabaidagai da oraindik. Zalantza gutxi, hala ere: ezinbesteko inflexio-puntua izan zen ondorengo basakeria gertatzeko.
Horrek bereizten du, segur aski, 1938ko pogrom hura aurretik juduek jasandako beste guztietatik: zerbaiten amaiera eta beste zerbaiten hasiera da. Erasoen eskala aldatzen du, baita forma ere, estatuak zuzenean hauspotuko baititu handik aurrera, efizientzia osoz, legez babestuta; eta ordura arte pentsaezinak ziren dimentsioak hartu arte.
Ondo ikastekoa da: aitzakia konkretu bat probestuz, gutxiengoan dagoen komunitate baten aurkako kanpainarekin hasten da. Zurrumurruak eta egi-erdiak, behin eta berriz –konstantzia osagai inportantea baita–, mezu sinple bera mailukatuz: talde minoritarioko kide guztiak dira gehiengoarentzat arriskutsuak; zerbait egin ezean galbidean da gehiengoaren identitatea; inork ordenarik jartzen ez badu, guk egin beharko dugu. Gero jo-puntuan jarriko dituzte beste batzuk ere, adibidez, talde nagusikoak izanda, minoriaren aurkako erasoak kritikatzen dituztenak: horiek seinalatu, lotsarazi, isolatu behar dira. Eta bitartean, programatutako biolentziaren benetako izaera lausotu: sukarraldia izan da, matxinada, jendea haserre dago. Dena indiferentziaz bizi dutenek ere beren alea jarriko dute, batzuk eta besteak berdinduz, gauzak kasualitatez ez direla gertatzen esanez. Konturatzerako, eskuak garbitzeko erabiltzen duten xaboi-pastilla bezain suabe irristatu dira gertakariak pogrom-etik masa-indarkeriara.
Atzo Torre Pachecon eta herenegun Hernanin, hondamendi horretarako bidea hasi nahi izan dute batzuek. Garaiz gaude oraindik.
