Kuriosoa da hitz bakoitzak zenbat bala gordetzen dituen errekamaran. Hedabideek gertakari bat, bakarra, berbera, kontatu behar dute. Eta prezisioz aukeratzen dute munizioa. Hartu joan den igande goizaldeko Azpeitiko notizia, adibidez. Raymond Queneau bera inbidiaz hiltzeko modukoa da estilo-ariketa mediatikoa.
Izan dira, noski, informatzeko eginbeharra serio demonio harturik, prestidigitazio handiegitan aritu ez direnak. “Istiluak izan dira” baten ostean, liskarra noren artean gertatu den kontatu dute –“herritar talde bat” edo “gazte batzuk” alde batetik; ertzainak bestetik–, eta ondoren beste zerbait erantsi –adibidez, elkarretaratzea deitu dutela poliziaren gehiegikeriaren aurka; edo Ertzaintzak eginbideak abiatu dituela identifikatutakoen kontra–.
Baina, meh, horiek datuak dira. Eta, azken finean, bizi garen mundu honetan, nori inporta zaio zer pasa den benetan? Hemen kontua da, eskura dagoen materialarekin aurrekontu baxuko pelikula bat muntatu behar dela kosta ahala kosta ze, periodikoen negozioa urte osoan ere txikili-txakala baldin badabil, imajinatu nola pasatzen duten erredakzioek notizietan hain lehorra izaten den uda parte hau.
Zerbait asmatu behar. Vocento taldeak, adibidez, alkimia periodistikoa asmatu du, albiste berari bi titular desberdin jarriz. Diario Vasco-rena akustikoa da, baina ez horregatik benenorik gabea: “Gazte talde batek ertzainei eta udaltzainei eraso egin die, Azpeitiko komisaria setiatu ondoren” –kurtsiba nik jarri dut–. El Correo-rena berriz, thrash-metala: “Erradikalek ertzainei eta udaltzainei eraso egin diete, Azpeitiko komisaria setiatu ondoren”.
Gipuzkoako gazteak Bizkaian erradikal bilakatzen dira beraz. Kontxo. Esaten nuen ba nik, pertsona moderatuagoa nintzela Leioara ikastera joan aurretik.
Euskal Erdiko jende normalak™ irakurtzen dituen egunkariekin bakarrik ez goaz inora ordea. Mapa pixka bat osatzeko baino ez bada ere, Diario de Navarra bisitatu behar da, zeinak honela laburbildu baitu asuntua: “Dozena bat asaltatzailek Azpeitiko poliziei jo diete eta heriotza mehatxuak egin”.
Titular asko manejatzen ari garenez, kontuak ez despistatzeko, orain artekoaren laburpena egin beharrean gaude: Gipuzkoan, gazteak; Bizkaian, erradikalak; Nafarroan, asaltatzaileak. Egin omen dituzten gauzak ere, geroz eta terribleagoak. Segi dezagun.
Gogoeta batekin, zehazki: betikoa, hemengoon artean ez gara ados jartzeko gai. Perspektiba zabalagoa behar dugu. Irten gaitezen mundura. Espainiakora behintzat. El Mundo: “Dozena bat gazte erradikal Azpeitiko komisarian asaltoan sartu dira, bi poliziari eraso egin diete eta…”, bale, bale, stop, honek dena dauka: gazte erradikal asaltatzaileak. Joder, horiek lehen Bronxen eta horrelako lekuetan ibiltzen ziren, ez Azpeitian.
Baina sentsazio hori, hala ere. Zerbait falta dela. Zopa lodixeagoa ere atera daitekeela oraindik, sutan pixka bat gehiago edukita. A, hemen dago, Casimiro García-Abadilloren El Independiente digitalean: “Azpeitiko komisariaren asaltoak Euskal Herriko kale-biolentziaren mamua berpiztu du”. Alegia, orain arteko gazte gaizto horiekin aski ez, eta orain maindire zuri bat jantzita molotov koktelak botatzen dituen espektroa ere agertu dela.
Ez dakit, inflazio berbal handiegia iruditzen zait errotulagailu batekin pilen kontainer batean idatzitako lau letraren kontura sortutako saltsa batentzat. Ez ote da izango zenbait elkarte polizial, zenbait hedabideren laguntzaz, giro bat sortu nahian ari direla, ea behingoz taser pistolatxo horiek ematen dizkieten –eta, auskalo, lanaren arriskuagatik soldatan plusen bat ere bai–?
Nik hor uzten dut galdera. Egia esan, urte sasoi honetan istilu hauei buruz idazten baino, nahiago nuke Landetako kanpin batean egon. Ai, Capbretonera ailegatzean bungalowa!

1 Iruzkin
Bikaiña artikulua!
Pupurri ederra,orain irratian zabaldun den bezela, garrantzia eman zaio ekintza txiki bati ta ez dut esan nahi ez zaionik eman behar baiñan garrantzi handiagoa izan beharko luketen gauzak ondo isilik pasatzen dira.
Kasualitatea ni Guipuzkoarra izanik ere zerbait identifikatua sentitu naiz, badira bi egun Bizkaiara etorri naizela lanera eta badirudi Nueva York en nagoela, goizean 40 bat lagun ondotik igaro ta ez egun onik ta ez bestelakorik, hau soilik hemen gertatu izan zait, hemengo empresa batean.