Ba iritsi da eguna, azkenean: kurtso osoa zeharkatu ondoren, eta haizeteak, gripeak, zorriak, presak, entrega-epeak, bilerak, zuzenketak, gaizkiulertuak, fakturak, erosketa-zerrendak, adimen artifizialez idatzitako notiziak, garbigailuak, Peru krokodiloak, nominak, infekzioak, dentistak, ilarak, faxistak, software eguneraketak, rifak, tiritak, tailer mekanikoak, Osakidetzako murrizketak, hala ere zutik jarraitzen dugunez, oporretara joatea lortu dugu.
Tira, etortzea, ze orain hemen gaude, kanpinean. Hemen, non bizitza alderantziz jartzea den txistea: sabai, horma eta ate egonkorreko etxea abandonatu, itzultzean estresatuko gaituzten kontu guztiak barruan utzita; eta onartu, astebeteko sosegu injekzioaren truke, etxea gure eskuekin muntatu beharreko zerbait bilakatu dela. Oh, laztana, esperientzia hau Kay Ryanen poema hura bezala izango da: Nabigatzen dugun bitartean ari gara barkua eraikitzen.
Handik ordu eta erdira: poemak eta ostiak. Desesperatuta. Kanpin denda lurrean finkatzeko iltzeak banaka-banaka bihotzean mailuka sartuko zenizkioke Quechua enpresaren administrazio-kontseilu erdiari, “ikusten, hau bai egiten dudala erraz!” oihukatuz maniako batek bezala. Baina justu orduan, ondoko partzelara iristen da familia bat –produktu guztiz europarra, haien ile fosforitoei erreparatuz gero–, eta “need some help?” baten ondoren, tiki-taka, ris-ras, klik-klak, hamar minutuan poliesterrezko jauregi paregabekoari begira gaude fiertatez.
Hainbeste lagundu digutenez, zerbait hartzera gonbidatu beharko ditugu ba bizilagun jator hauek. Eta betikoa, izen-trukeak, ea aspalditik dauden hemen; eta ezetz, gu ez garela portugesak, mendebaldeko euskaldunak baizik, melodia iberikoa baina hizkuntza ez-latindarra. Hara, gu berriz flandriarrak, erantzuten du Seppek; beraz baditugu gutxienez bi gai orduak eta orduak tertulian pasatzeko: txirrindularitza eta hizkuntza.
Elkarrizketa luuuze horri esker ikasi dut 1) Tom Boonenek Roubaix bat gehiago irabazi zuela Johan Museeuwk baino –berdinduta zeudela uste nuen–; eta 2) flandriera, hizkuntza alegia, nola daukaten antolatuta. Txirrindularitzako monumentuak luma jantziagoentzat utzirik –bai, zuei buruz ari naiz Ander Izagirre eta Julen Gabiria: ea noizko L’enfer du nord-i buruzko liburu bat edo, ezta?–, bigarren kontuaz pare bat gauza kontatutzera noa, ze aizu, igual horri esker pixka bat bideratuta utzi dezakegu euskararen inguruan izaten dugun Bizantziar Aroko debateetako bat.
Asuntua da, Seppek esplikatu didana laburbiltzeko, flandrierak eta nederlanderak estandar bera dutela –gure batuaren baliokidea, alegia–. Gero, badituzte dialektoak –gure euskalkiak– eta arautu gabeko herri-hizkerak –Xabier Amurizari behin sukalki terminoa entzun nion horiek izendatzeko–. Baina, kanpin-kronika hau idazteko arrazoi nagusia zera da: badaukatela tussentaal izeneko beste tramankulu bat ere, tokiko mintzairen gainetikoa, erdi-estandarizatua, herri-hizkeren eta ofizialaren artekoa, zeina telesailetan oso maiz erabiltzen duten. Sarritan, pertsonaia “arruntak” jartzen dituzte tussentaal-ez hitz egiten, burgesen estandarrarekin eta klase apalen herri-hizkerarekin kontrastea egiteko.
Nederlandera batuan oinarrituta, dialekto flandriarren espresio eta azentu tipiko asko jasotzen ditu; ahoskera bizkortzeko soinu batzuk “janez” hitz egiten da; eta frantsesezko maileguak ere onartzen ditu. Seppek kontatu didana ondo ulertu badut, iruditzen zait kontzeptu interesgarria dela euskarazko jarduera publiko batzuentzat ere, ez baita azkenaldian anti-purismoaren izenean indartzen ari den kakanahaste erabatekoa, baina gerria sueltoago uzten du forma arautu-arautuak baino.
Debatetxo bat behintzat merezi du. Uda guztian kanpin honetan egongo naiz, norbait honetaz nirekilan fuerte pentsatzera animatzen bada.
