Erretiradako heroiak ere behar dira Hondarribian

Gorka Bereziartua
2

Hasieran familiak eta lagun-taldeak puskatu ziren: hori pentsatzen baduzu, zu hor eta ni hemen, ez dut ezer gehiago jakin nahi zurekin. Mingarria izan zen hura. Hala izaten da desadostasun puntualetik etsaikeria absolutura pasatzean.

Gero, boikota etorri zen. Desberdin pentsatu ez ezik, desberdin desfilatu nahi zutenei jaietan parte hartzea eragotzi nahia. Milaka builaka, eskolako jolastokian txilibituekin eta danborrekin entsaiatu besterik egin nahi ez zuten Jaizkibel konpainiako emakumeen kontra. Irailaren 8an ez duzue desfilatuko, hori kantatzen zieten.

Ondoren, irailaren 8an desfilatu zutenean, irainak, bultzakadak, plastiko beltzezko pasilloak. Gutxien-gutxienez, emakumeak pasatzean haiei bizkarra ematea. Eta seinalatzea, ez derrigorrez jaietan bakarrik: hi, oso suelto aritzen haiz gai honetaz hizketan, kontuz ibili hadi.

Jarraian etorri zen urte osoan bizilagun subertsibo horiekin normal samar erlazionatzen hastea, baina jaietan bizkarra ematen jarraitzea, ez agurtzea, haien desfilea inondik inora ez ikustea.

Aspaldiko kontuez ari naiz, zenbaitek aurten bertan jarrera horiek aldarrikatzeko dokumental batean dirua eta denbora alferrik gastatu duten arren. Zeren, 2025eko Hondarribiko Alardean zer gertatu den jakin aurretik idazten ari banaiz ere, gauza bat segurua baita: ukazioa, bazterketa, beldurra eta emakumeen diziplinamendua sustatu zituen estrategia hura erabateko frakasoa izan da. Gaur Hondarribiko Alardeko 22 konpainietako kideek bizimodu normal-normala egiten dute elkarrekin. Urte osoan hala da. Baita jaietan ere, ia-ia denen kasuan.

Gauzei horrela begiratuta, kontua ez da bakarrik Alarde baztertzaileko agintariek jada ez duela herriaren gehiengoa ordezkatzen. Kontua da, ez dutela errepresentatzen beraien konpainietan desfilatzen duen jendearen zati handi bat ere. Eta, batez ere, ez daukatela etorkizunerako estrategiarik, beste urte batez arazoa konpondu gabe uztea garaipen gisa ospatzetik harago.

Hori guztia horrela bada, zergatik gabiltza oraindik Alardearen korapilo hau ezin askaturik? Ba, animalia sozialak garelako, besteak beste. Taldeetan parte hartzen dugu. Taldeek asko ematen digute. Eta taldeek, era berean, izugarri baldintzatzen gaituzte. Talderik gabe, ez dugu gure burua berdin imajinatzen. Pertsonalki emakumeek parte hartzearen kontra ez dauden gizon askok euren taldearen kohesioa urratuko lukeen deus ez egitea erabakitzen dute urtero: beraien zati bati uko egitea bezala litzateke.

1638ko erresistentziaren epikaz jantzita ospatzen da urtero Alardea, baina paradoxikoa dirudien arren, beste mota bateko heroiak eskatzen dizkie aspaldi samarretik gizonez bakarrik osatutako konpainiei. Hans Magnus Enzensberger idazleak aipatu zituen “erretiradako heroiak” dauzkat gogoan. Egoerak eskatzen duen desmuntzatze-operazioa egiteko dimentsio moral berezia duten figurak; beraien sinesmen pertsonalak bereizteko gai direnak historian jokatzen duten paperetik.

Alarde baztertzailearen aginte-mahaian ez dago gaur gaurkoz horrelako heroirik. Soldadu arrunten artean agertu beharko dira posizio propioak uzteko gai izango diren pertsonak, jakinda horrekin beraien parte bat ere atzean lagatzen ari direla; baina ulertuko dutenak sinbolismoz beteriko ospakizun honek ondorengoei zer utzi behar dien, burgomaisuak, komandanteak, kapitainek eta tenienteek diotena gorabehera. Ezin dugula oinordetzan eman bizilagunen arteko liskar eternal bat, eraso latzenaren aurrean bat eginda eutsi zion herriaren memoria baizik.

Hainbeste urteren ondoren, gehiegi eskatzea ote da?

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA