Hori behintzat argi gera dadila hasieratik. Eta Manuk ez dit berriz deitu. Okupatuta ibiliko da, noski. Enteratuko zineten: igandean tipo batzuk joan ziren Louvre museoko Apoloren galeria aldameneraino, eskailera batekin leihotik, hop, sartu, zerra zirkularrekin hipersekurizatutako beirak puskatu eta hantxe itzuli ziren berriz etorritako bidetik azkar putan, Frantziako errege eta enperadoreen diamante eta zafiro kolekzio inportante bat zakuan eramanda. Dena zazpi minutuan –Errepublikako lehen ministro batek karguan irauten duena baino gutxiago!–, exekuzio ia perfektua: ihesaldian Eugenia de Montijoren koroa erori izan ez balitzaie, Arsène Lupinen lana izan dela pentsatuko luke batek baino gehiagok.
Ez kaka eta ez zirin geratu da Frantzia ostera ere, mundu guztiaren aurrean barregarri. Niri, egia esan, hori lau t’erdi axola zait –ezta bost ere, alegia–, baina kasuak hipotesi batzuk probokatu dizkit eta Monsieur le President orain ez dagoenez horiek entzuteko moduan, zuei kontatuko dizkizuet.
Ea: esan da lapurtutako piezen balioa kalkulaezina dela. Libération-en galderei erantzunez, Corinne Hershkovitch adituak esplikatu du, ebidenteki, ezin direla saldu dauden bezala; baina diamanteak erauzi eta banaka-banaka merkatuan jartzea ere ossso zaila dela, mota horretako harribitxiak superdetailatuki identifikatuta daudelako. Horrek pentsarazi dezake lapurretaren autore materialak beste norbaiten enkarguz aritu direla, inor ez baita igande batez hain goiz jaikitzen gero inon kolokatzerik izango ez duen merka ebasteko, jakinda, gainera, txukelak eskua gainean jartzen badizu txupatu beharko dituzula urte batzuk malkoen katedralean.
Orduan, enkargua egin duena nor den pentsatzen hasi behar dugu. Aberats okitu bat izan liteke, asuntuaz arduratu den komandoa low cost ez baitzen izango. Imajina dezagun milioietan, trilioietan igeri egiten duen norbait, hainbeste diru daukana, ezen puntu batetik aurrera dirua gauza arruntegia iruditzen baitzaio. Krisi existentziala Dubaira daraman jet pribatuan: “Beste millonetti guztiek egiten dituzten gauza berberak egiten ari naiz. Hutsik sentitzen naiz. Ez daukat pertsonalitaterik, ez naiz inor. Lortuko banu sikiera gauza bat munduan nik bakarrik eduki dezakedana, hiperluxuzko objektuaren aura ukigabe hori daukana… Zerbait, nola esan… dirua baino diruago dena”. Klink: ideiak bata bestearen atzetik kateatzen zaizkio eta operazioa martxan jartzeko dark webean bilatzea besterik ez du.
Baina itxoin: eta lapurretak helburu politikoak balitu? Eta Frantziaren ondare historikoan atzaparra sartzea estrategia bat balitz, nazioartean hartu duen jarreraren batean hexagonoa atzera egitera behartzeko? Eta harribitxien lapurretaren aurrean baino, haien bahiketaren aurrean bageunde? Mezu bat iritsi da Macronen whatsappera. Bideo bat. Pabilioi gris batean grabatua dirudi. Giro-soinua. Ez dago ezer identifikagarririk lurrean, hormetan. Irudiaren erdian, joan den igandean Louvretik desagertutako piezak. Kamerak 180 gradu biratu du: pabilioi gris bera, baina orain errepideetako lurra berdintzeko erabiltzen den zapalgailu horietako bat ageri da. Martxan jarriz gero, aurreraka hastean lehen ikusi ditugun harribitxiak txiki-txiki egingo lituzke. Eta motorra piztu du. Beltzera itzali da irudia. Mezu bat agertu da. Hebreeraz idatzita dago.
Niri, hala ere, bada gehiago gustatzen zaidan beste aukera bat: inork ez du Louvren lapurretarik egin. Museoak bere burua promozionatzeko publizitate-kanpaina baten parte da albistea. “Lapurtu dituzten arte ez dituzu bitxi hauek ikusi? Itzali pantaila eta zatoz benetako zerbait ezagutzera”. Sekulako arrakasta izango du. Hori bai, gure Manuri ia infarto bat eragin dio.

2 Iruzkin
Gorka, zinez, zure irudimenak ez du parerik. Utzi Argia eta saldu gidoiak Hollywood, edo Bollywoodera, talento hori alferrik ari da galtzen hizkuntza minorizatuko aldizkaritxoan; gainera, gidoilari onen falta dago Neflix, Amazonprime eta enparauetan. BEZa ere ederki merketuko dizute berton kotizatuz gero, informazio gehiago hemen: filmindustrypromotionbasquestrategy.eus. Ez da plan txarra, etxetik lan egin eta Los Angelesen negozioa izan. Animatuz gero, hemen zure agentea izan daitekeen bat.
Bikaina ber hiru: bai erabilitako euskara fresko, original eta, era berean, zuzen eta ederragatik; bai umoreagatik eta bai gaiari ikuspegi desberdin batetik heltzeagatik!