The Enhaced Games (Joko Areagotuak) izena jarri diote datorren urteko maiatzean AEBetan egitekoak diren kirol ikuskizun berri bati, zeinaren grazia izango den ez dituela jarraituko Munduko Dopinaren Aurkako Agentziaren arauak. Alegia, 1998ko Frantziako Tourreko tropelak baino xiringatuago parte hartu ahalko dutela kirolari guztiek; edo, beste modu batera esateko –entzuten baititut txirrindulariak dagoeneko: “Joder, eske beti gu”–, atletak lehiara aterako direla Sabino Padillaren Athletic edo Eufemiano Fuentesen Reala bezalako esperientzia farmakologikoa zainetan punpaka dutela.
Asuntuari itxura are zantarragoa emateko, egoitza Kaiman Uharteetan dauka egitasmoaren atzean dagoen enpresak; eta haren nagusiak delirio nietzschearren bidez justifikatu du dopin-pan-pun guztia: “Superhumanitate berri bat eraikitzea da nire misioa”.
Honek denak, noski, jende zentzudunaren aho bateko kondena eskatzen du oihuka, parte konkretuari erreparatuz gero kirolarien osasunarentzat arriskutsua izan daitekeelako; eta ideien alorrean berriz, lehia garbiaren kontzeptua birrinduta uzten duelako. Baina niri artikulu bat idazteko eskatu didate eta orain artekoarekin asteroko karaktere-markaren oso azpitik nabilenez, agian interesatuko zaizue joko horietan parte hartuko duen atleta batek dioena entzutea.
Mouhamadou Fall du izena, 100 eta 200 metroko lasterketetan aritu izan da orain arte eta haren denborak oso top ez diren arren –tira, hitz egiteko modu bat da: Saizarbitoriaren nobelako lasterketa 10,04 segundoan egiteko gai da; zer esango dizuet, ni besaulki batean eserita ari naiz hau idazten–, tipoak Le Monde egunkarian puntu interesgarri bat ukitu du: “Ez naiz inoiz egon behar nukeen mailan egon, alegia, atletismoan berandu hasi nintzen eta ez dut inoiz laguntzarik, babesik eta entrenatzeko marko egokirik eduki”. Bestela esateko, emaitza bakarrik ikusten dela eliteko kirol “garbian” –tuju, tuju, ui, a ze eztula–, baina mundu mailako markak lortzeko bidean beste mota askotako abantaila konpetitiboak ere badaude, kimikoak ez izan arren: finantziazioa, instalazioak, elikadura, ekipamenduak… Lasterketa ez da inoiz denentzat berdin hasten.
Portzierto, dopinaren esanahia bera ere lehen baino zabalxeagoa da orain, txirrindularitzan “dopin mekanikoa” hizketarako gai bihurtu zenetik –bizikletan motortxo bat instalatzean datza: probetxu handiko asmakizuna, nola sasi-ordekan, hala Murgileko paretan gora–, baina ez da kirol guztietan bizikleta gainean bezain gaizki ikusita dagoen zerbait. Distantzia luzeko atletismo lasterketetan, adibidez, korrikalariari energia gehiago itzultzen dioten zapatilei esker emaitza hobeak lortzen dira; eta igeriketan ere, ezaguna da Speedo LZR Racer trajearekin Beijingo Joko Olinpikoetan gertatu zena: hautsitako 25 errekorretatik 23 lortu ziren jantzi horren laguntzarekin.
Irabaztea, beti irabaztea eta nolanahi irabaztea helburu den bitartean, mota bateko edo besteko tranpatxoen aukera beti hor dagoenez, zergatik kanporatu atleta zehatz batzuk lehiaketatik beren errendimendua hobetzeko erabilitako baliabide artifizialengatik, bitartean –adibide bat jartzeagatik–, Real Madrid izeneko talde bati normal-normal existitzen uzten bazaio?
Ez dut uste, dena den, Enhaced Games horiek ikusiko ditudanik. Publiko jakin batentzat kitzikagarria izan liteke norbait kartoletaraino jarrita 100 metroak 8,21 segundoan egiten ikustea, baina behin ezohiko substantzia kimikoak onartzen hasita, gehiago interesatuko litzaizkidake haluzinogenoak hartu dituzten kirolarien demak: ketaminaz lepo jarrita korri egingo litzatekeen maratoi disoziatiboa adibidez; itxoin, itxoin, hobe: tripiz ipurtzuloraino dauden kankailuen artean jokatuko litzatekeen saskibaloi psikodelikoa. Horiek bai ikuskizunak. Amateur mailan behintzat probatu beharko genuke.
