Emakume nahiko gandorduna izan behar zuen Hermione von Preuschenek. Egin kontu: XIX. mendeko familia aristokratiko batean jaioa izan arren, zakutik hartzera bidali zituen garai hartan posizio horretako dama bati zegozkion konbentzio gehienak, hamabost urterekin pintura ikasten hasi, poetekin eta beste zenbait jendilajerekin erlazionatu eta hogei urte besterik ez zituela Europa erdia zeharkatzen agertzen zaigu haren biografia wikipedikoan: Sizilia, Erroma, Paris. Iruditu zait pertsonaia bat lasai asko agertu ahalko litzatekeena Adam Thrillwellen The Future Future nobelan, zeinak gure gaur-gaurko joerak txertatzen dituen, anakronismo bidez, XVIII. mendeko saloi nobleetako giroan.
Margotu zituen koadro gehienak natura hilak izan arren, mota horretako lanetan zaila izaten dena lortu zuen von Preuschenek: zerbait mugitzeko zorian dagoen inpresioa transmititzea. Edo, hobeto esanda, minutu bat lehenago oraindik eszena horretan zerbait bizirik zegoela iradokitzea. Animalia-eszena oilo zuriarekin, arrautza saskiarekin eta lupulu mahatsondoekin koadroa, adibidez: ematen du akabatu berria dutela hankaz gora datzan oilo hori, eroritako aingeru batenak diruditen hegalak, burua mahai ertzetik zintzilik, hautsitako arrautza sarkastiko bat aldamenean.
Garai hartan emakume artista izateagatik ezarriko zizkioten muga guztiez gain, natura hilekin lotzen zutelako debekatu ote zioten Berlingo Akademiaren urteroko erakusketan bere Mors Imperator koadroa erakustea? Orain berriz albiste den margolan horretako protagonista agintari inperialen parafernalia guztiarekin ikus dezakegu: erbinude-larruzko kapa, ezpata, koroa, hanka bat munduko bolaren gainean jarria. Baina hilda dago, eskeleto bat besterik ez da. Eskandalua: antza denez, ordurako 90 urte zeuzkan Wilhelm I.a enperadore alemaniarraren egoeraz barre egiten zuelakoan baztertu zuten obra; von Preuschenek alokatutako taberna batean erakutsi behar izan zuen. Jende pila joan zen ikustera, noski.
Pasa den igandetik dago ikusgai, orain bai, Alemaniako leku ofizial batean, Alte Nationalgalerie museoan. Iruditzen zait momentu hoberik ezin zutela aukeratu koadroa berreskuratzeko enperadore-bokazioa duten pertsonak hainbeste ugaritu diren garai hau baino: gizon nartzisistak, boterearen performance izugarri teatralak, edozeren gainetik dagoela dirudien pertsonalismo kaotikoa. Trumpismoaz ari naiz, noski, baina ez trumpismoaz bakarrik, sareetan scroll pixka bat egitea aski baituzu enperadoretxoak nonahi ikusten hasteko beren tronu, zetro eta koroa birtualak jantzita.
Hermione von Preuschenen koadroak badu, ordea, botere-ilusio handi eta txiki guztiei buruzko mezu bat: ez digu esaten bakarrik garaiezinak diruditen figurak ere noizbait hilko direla –nahiko begi-bistakoa den zerbait, alegia–; esaten digu edozein botereren oinarrian dagoela ereinda noizbait ezdeus bilakatuko duen hazia. Eta berdin dutela bonbek, like kopuruak, epaiek, salmentek, famak, milioiek, datuek, mundu osoa edo haren parte bat hankapean hartzeko gogo guztiek; berdin dutela, “Zeren ilusione bat bera da / Lürren gañeko gure pasajia”, Etxahun Irurik hain modu ederrean idatzita utzi zuen bezala.