“Oparitzen dizute –ez dakite, terriblea da, ez baitakite–, oparitzen dizute zure buruaren zati berri hauskor eta prekario bat, zurea den zerbait baina zure gorputza izan gabe, zure gorputzari lotu behar zaiona bere uhalarekin, zure eskumuturretik zintzilikatzen den besotxo desesperatu bat bezala. Oparitzen dizute egunero giltza eman beharra, giltza emateko obligazioa, jarrai dezan izaten erloju bat; oparitzen dizute obsesio bat, ordu zehatza arretaz hartu beharra bitxi-dendetako beira-arasetan, irratiko iragarkian, zerbitzu telefonikoan. Oparitzen dizute hura galtzeko beldurra, lapurtuko ote dizuten, lurrera eroriko ote zaizun eta hautsiko ote den. Oparitzen dizute bere marka, eta segurtasuna beste markak baino hobea delako, oparitzen dizute zure erlojua beste erlojuekin konparatzeko joera. Ez dizute erloju bat oparitzen, zu zara oparitua, zu eskaintzen zaituzte erlojuaren urtebetetzean”.
Bota du kazkabarra gero Julio Cortazarrek Erlojuari giltza emateko jarraibideak testua argitaratu zuenetik. Gauzak diferenteak dira orain, geroz eta jende gutxiago ikusten dut eskumuturrean desesperatuki zintzilikatzen den gorputz zati horrekin, patrikan baitaramagu orain erlojua –gehi agenda, elkarrizketa intimoak eta profesionalak, musika, sukaldeko errezetak, bankuko kontua, baita edozein galderaren erantzuna jakingo balu bezala jokatzen duen lagun listopasatua ere–, nahiz eta, gainontzean, obsesioak bere horretan jarraitzen duen: giltza eman ordez bateria beti kargatuta edukitzea da orain kontua, ze ordutan bizi zaren jakiteari ez uzteko, beti konektatuta egoteko, datuak-datuak-datuak produzitzen jarraitzeko.
Ez dizute telefono mugikorrik oparitzen gainera, erosi egin behar duzu. Eta sagar hozkatuaren markako azken modeloa nahi baduzu, agian prest egongo zara salgai jarriko duten egunean denda ofiziala ireki baino lau ordu lehenago ilaran jartzeko.
Beharbada horregatik harritu nau pasa den asteburuko notizietan ikusteak oraingoan ez direla Steve Jobsen fanatikoak ibili tankera horretan: ehunka, milaka lagun pilatuta Swatch erloju-markaren mundu erdiko denden aurrean; Manchester, Milan, Paris, Amsterdam, New York. Batzuek egunak pasa dituzte zain, komertzializatu behar zuten Royal Pop modelo berria 400 euroan erosi ahal izateko –luxuzko marka batekin kolaborazioan egin dute edizio mugatuko ordularia, patrikan eramatekoa–.
Klaro, hainbeste itxaroteak nerbioak taladratzen dituenez, asuntua dezente kakaztu da leku askotan, bezero potentzialek mutur-joka bukatu dute, polizia agertu da, jendea atxilotu du, bultzakadak, piper-gasa, ubelduak; eta azkenerako, denda batzuk ez irekitzea ere erabaki du Swatchek, kaosaren ordua atzeratu zitekeela iritzita-edo.
Eta hala ere, lehen kolpean sinetsi nahi izan dut ordulari horiek piztutako furian bazegoela oraindik salbatzeko moduko zerbait. Askapen-desira moduko bat, gaizki kanalizatua, baina gutxienez objektu %100 analogiko batera bideratua, Anaia Handiarekin konektatu ezin dena eta, berrikuntzak berrikuntza, oso XIX. mendekoa. Psikologikoki hain birrintzailea izango ez zela imajinatzen dugun iragan batekoa, alegia.
Bizitzea egokitu zaigun denbora honetan, edozein lekutan bilatzen ditu batek balizko errebolten zantzu erromantikoak. Eskerrak telefonoko listopasatuari kasu egin ordez, aldamenekoari entzun diodan: tap-tap pare batekin erakutsi dizkit erloju horiek salgai Ebay atarian. Bigarren eskukoak, noski. Prezioa ez, ordea, kasu batzuetan 3.500 euro eskatzen baitituzte. Zerbait –edozer– erosi eta berehala %775 garestiago saltzeko aukerak eragin du Royal Pop-en salmenta ia-ia hezur-haragizko Fortnite Battle Royale bilakatzea. Cortazar moldatzea tokatzen da, nik uste: ez duzu erloju bat saltzen, zu zara saldua, zu saltzen zaituzte diruaren eguneroko urtebetetze-festan.