Prosazko kopla berriak, Hondarribiko Alardeari jarriak

Gorka Bereziartua
0
Jaizkibel konpainia iazko irailaren 8an (argazkia: Bidasoko Hitza).

Ihintzaren tantak arrosan, ahots fin batek ziostan: “Zergatik ez hasi idazten kopla berri batzuk prosan?”. Baina zeren aitzakian?, galdetu nion airian. “Ez al da aste honetan Alardea Hondarribian?”. Uf, ze neke eta pereza, kantinerak eta apeza; jaia izan behar lukeena bihurtu digute meza. “Baina, halere, merezi du, jendeak dezan entenditu”. Tematzen ari zaidanez beharko naiz atrebitu.

Misteriorik ez dago, hortaz nahiko segur nago. Hemen kontu bakarra da zeinek daukan handiago. Zakil eta txilibitu, garaira ezin egokitu; emakumeei ukatzeko, festa zuten elbarritu. Eta deklaratu guda, baita iraindu: “Bigotuda!” –baztertzaileen poetak ez dira Pablo Neruda–.

Herriarena zen festa eta dagoeneko ez da; guztiona puskatzea: horra Betikoen jesta. Buru dute Gregorio, baina zenbat gregario? Alarde baztertzaileari zahar usaina dario. Ama Guadalupekoa, emazkiguzu hegoak, goi hortatik ikusteko burusoil kolekzioa eskopetaz armatua, ideiak atrofiatuak, gazteak direnek ere agure-espiritua. Horien tradizioak bustia munizioa, geroz eta ahulago dago karka-koalizioa.

“Kanpotik ez da ulertzen zergatik dugun baztertzen, nola ari garen pozoiez tradizioa suspertzen”. Kanpotarrak omen gara, hemengo jende-bailara; horrela irauten die urtetan txoro-bolarak. Espaloitik txalo egin, bazterkerian ahalegin: madrikiak animatu, auzokoak ez atsegin. Bada ba, gauza bitxia, madrildarren konpainia: Falangearen itxura, euskotarra melodia. Adolfo eta Benito, ene, zenbat señorito, haiekin otzanak dira, feministekin txulito. Belea eta zozoa, eskuineko errezoa, herriak orain dirudi Salamancako auzoa. Norberarena hautua, bakoitzaren apustua, nik gutxienez ez dut nahi izan kolonizatua.

Lehenbizi ziren zezendu, ondoren formak zuzendu; bazterkeriak hor dirau, ez dira “bi sentimendu”. Mahai bat bazen bildua, konpontzeko asuntua, asma ezazu zerorrek nor altxa zen izutua. Nahiz gizonak diruditen, ez dute hala ekiten, espezialistak dira ostrukarena egiten. Guadalupeko ermitan egurra jaten termita, gainezka egina digu letxe txarraren marmitak. Barrabiletan hazia, ipurtzuloko iritzia; ezer ere ez aldatzea omen da “demokrazia”.

Urteroko kontu bera istribor-ababorrera: jeltzale eta soziatak badatoz erreskatera. “Ez nahastu politika”, hasiko dira intzirika. Eskubideak ukatzea, zer ote da: genetika? Ez al da oso aspergarri, gure jaien bereizgarri, urtero Hondarribia denen aurrean lotsagarri? Horra Betiko botika, matxismoa aldarrika, argudio onak dauzkate hankartean zintzilika.

Badira hogeita hamar urte, tartean zenbait elurte; halere emakumeek borrokan jarraitzen dute. Haiena baita baietza, arrazoiaren jabetza, estali ezin den zerbait, altxa arren plastiko beltzak. Zapi koloretsuekin, urtero ekin eta ekin: “Zergatik ez zara irtengo zu ere Jaizkibelekin?”. Eta asko konbentzitu, bat baino gehiago harritu: urterik urteko lanaz konpainia da handitu. Handiena izan arte, mila laguneko elkarte, gizonkote-itsasoan berdintasunezko uharte.

Goazen bada gorestera Jaizkibelen jarduera, ez baitu funtzionatzen klub pribatuen antzera. Jaia baita guztiona, orduan da gauza ona, buruko minez bada ere gozo du biharamona. Aurtengoan ere ez da faltako gure protesta, hesola erori arte borroka dezagun festa. Eta hemen da azken kopla, altxatu goraino kopa, hilaren 8 honetan festa dezagun borroka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA