Herzog

Gorka Bereziartua
0

Batzuetan nire burua aurkitzen dut zure esaldiren bati bueltak ematen, Werner. Honako honi, adibidez: “Azokan tximino-haragi errea jan dut; haur biluzi bat zirudien”. Sentsazio hori beti zurekin: ezin jakin berez nahiko modu txundigarrian hasi den esaldiak zer gorputzaldi utziko didan azken hitza ebakiko duzun unean. Azoka. Tximino-haragi errea. Haur biluzi bat. Justaposizio durduzagarria. Haur-haragiaren mokadu imajinarioa. Eromenaren atariko argazki bat.

Klaus Kinskiren begirada ezinezkoa. Mendian gora garraiatu behar den itsasontzia. Beharbada horrelako irudien premian laburbildu daiteke guztia. Horri buruz ariko zinen, Werner, esan zenuenean higatutako imajinaz inguratuta bizi garela; irudi berriak deskubritu ezean, hiltzear dagoela gure zibilizazioa.

Goitik behera amildutako zibilizazioei buruz zeozer badakizu, hori seguru. Munich, 1942: jaio eta bi astera alde egin zenuten familiako etxetik, Aliatuen bonbardaketa batek aldameneko eraikina txikimila puska eginda utzi zuenean. Mila bidaiaren artean lehenbizikoa, Chiemgauko Alpeetako herrixka hartara: txorrotako urik ez, telefonorik ez; jostailurik ere ez omen zenuten. Zinema? Mesedez Werner, nola ba. Kobazuloetako margoekin liluratu zinen nerabezaroaren hasieran –eta denboren hasierako marrazki horiek gogoan dituzu oraindik 84 urterekin, argi geratu zaigu–, baina garai hartantxe tokatu behar musika-irakasle zakar hura ere, gela osoaren aurrean umiliatu nahi izan zintuena. Orbain bat bezala. Gorrotoa hartu zenion musikari, ez jo, ez entzun.

Ez dirudi hasiera aproposena zine-zuzendari batentzat. Baina klaro, beharbada ez zara zine-zuzendaria. Ez hori bakarrik behintzat. Izan ere, zenbat ofizio eduki dituzu, Werner? Bada esaten duenik zurekin AEBetako altzairu-fabrika batean lan egin zuela –soldadurak egiten trebea omen zinen–. Baina, bestalde, bada rodeo batean pailazo paperean ikusi zaituenik ere. Are, zenbaitek diote AEBen eta Mexikoren arteko mugan joan-etorrian ibili zinela telebista-aparailuak eta musika-ekipoak kontrabandoan pasatzen –Dejaburen Itzulera antzezlaneko pasartea dirudi, baina sinetsi egin dut, izan ere, ba omen zeneukan eskua tramankuluak ezkutatuta eramateko; Municheko zine eskolatik ohoindu zenuen 35 milimetroko kamera hura, adibidez–.

Ez gara hasiko, noski, gaztetako bekatutxo horiengatik inor epaitzen. Bizi egin behar zenuen, Werner, hori da dena. Bizi, eta ia 800 kilometro oinez egin Munichetik Parisera, sinetsita hori eginez gero salbatuko zenuela oso larri zegoen lagun baten bizitza –Robert Walserren Paseoa serioegi hartu ez ote zenuen…–. Bizi, eta jendearen aurrean zure zapata jan, adiskide bati zin egin zeniolako hori egingo zenuela errodatzen ari zen filma behingoz bukatzea lortzen bazuen –kasu honetan Harry Crewsen Autoa-k dirudi inspirazio-iturria–. Bizi, eta zine-eskola bat martxan jarri ere bai, gauzak beste modu batean egiten hasteko: existentziaren kualitate gordin-biluziari koska egina izango zion jendea inguratu nahi zenuen. “Nahiago ditut putetxe batean atezain gisa lan egin dutenak edo eroetxeko zaindari izan direnak. Bizitza bere oinarrizko formetan bizi behar da”, esan zenuen, Werner, zure ustez horrek bilakatzen baitu jende gaztea zinegile; horrek, eta ez akademiak.

Teoria eztabaidagarria da, noski. Poeten herrialdea garela edo Ardècheko kobazuloetako irudiak euskaldunek margotu zituztela ere oso da eztabaidagarria. Baina zurekin, Werner, gauzak ez dira inoiz plano enpiriko-arrazionalean gertatzen, kalkulu hotzetik harago baizik: Lope Agirre espainiar koroari oldartu zitzaion lekuan, azken mendeko zine zuzendari entzutetsuenetako bat bertsozale deklaratzen den eszenatokian; egiak gauza neurtua eta neurgarria izateari utzi eta euforia arraro bat bilakatzen den tokian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA