Dena da politikoa. Baina bueno, hori honezkero jakingo duzue. Zuek ARGIA irakurtzen duzue. Zuek informatuta zaudete. Zuek ez zaituztet despistatuta harrapatuko esaten badizuet panda hartzak ere oso politikoak direla –oso politak izateaz gain–.
Eta ez, ez naiz ari arrazakeriaren aurkako grafiti hark zioenaz –“Izan panda bezala: zuria da, beltza da, asiarra da”–, zeina lema originala iruditu baitzitzaidan, soloke panda bezalakoa izateak, zentzu hertsian hartuz gero, esan nahi du desagertzeko arriskuan egon den espezie bateko kide ere bazarela eta, klaro, horrek asko mugatzen du mezuaren eraginkortasuna, batez besteko Joxemarik nahiago izango baitu arratoi arrazakoa-edo izan: grisa, ez oso atsegina; are gehiago, hozkia ematen duena, baina mundu osoan ugari-ugaria –hegemonikoa, normala; erdi-faxista, azken finean–.
Total, arriskuan zegoenez, begi-zulo beltzekiko hartza banbu-basoetan dingilizka maizago ikusteko neurri gogorrak hartu direla. Hartu dituela. Txinako gobernuak, alegia. Txorrada gutxi: hamar urterainoko kartzela-zigorrak daude han panda-ehizan harrapatzen dutenarentzat –2016ra arte ehiztaria balaz pasatzeko aukera ere bazegoen, gutxitan aplikatu zen arren–; eta deforestazioa eteteko erabakiak edo panda-erreserbak sortzeko politika eraginkorrak gehituta, emaitza onak lortu dituzte. Baina aber, ez flipatu gehiegi, panda gutxi dago-eta oraindik: 2.600 inguru, 1.900 bat besterik ez bizitza basatia egiten.
Animalia bakana da beraz; animalia maitagarria ere bai; eta mundu osoan da ezaguna. Eta zer egiten du edozein boteredunek hiru osagai horiek dituen zerbait bere eskuetara iristen bada? Ba, negozioak, noski. Baina horrela esatea itsusia geratzen denez, negozioak nazioarteko eskala daukanean beste modu batera deitzen zaio: diplomazia. Eta Txinak urtetan landu du ildo diplomatiko bat panda hartzak truke-txanpon gisa erabilita.
Hasieran “oparitu” egiten zituen –seguru atzetik beste bisnes batzuk bazeudela, baina tira, hartzak doan bidaltzen zituzten–: Maok adiskidetasun-seinale gisa 24 helarazi zizkien Sobietar Batasuneko, Ipar Koreako, AEBetako edo Erresuma Batuko zoologikoei. Famatuenak, segur aski, 1972an Richard Nixonekin bildu ostean Washingtongo Smithsonianera igorritako Ling-Ling eta Hsing-Hsing pandak izango dira, marka guztien petatzaile: 20.000 bisitari lehenbiziko egunean; urtea bukatzerako milioi bat lagunetik gora zooan lerde-jario –super moñoñoak dira, izan ere–.
Mendebaldeko herrialdeak panda-mandangarekiko adikzioa garatzen hasi ziren, noski. Eta orduantxe –1980ko hamarkadan–, Txinak politika aldatu. Fini opariak, ordutik aurrera maileguan bakarrik utziko zituen, hamar urterako gehienez eta baldintza txorrotx samarrekin: urtean milioi bat dolarrera (878.812 euro) iritsi daitekeen alokairua kobratzen du panda bikote bakoitzeko, eta legez zehaztuta dago animalia guztiak, baita atzerrian jaio daitezkeen kumeak ere, Txinaren jabetzakoak direla. Gainera, Beijingek erabakitzen duenez noiz eta nori ireki pandak harreran hartzeko aukera, kasik Txinarekiko harremanak zertan diren neurtzeko termometro bihurtu da kontua.
Pandak, esandakoa, oso gauza politikoa dira. Horregatik, joan den igandean Atlantako (AEB) aireportura iritsi diren Ping Ping eta Fu Xuang panda hartzen notiziak zer esan nahi duen dezifratu nahian hasi dut astea. Ea Txinak zoologiko usamerikar batera haiek bidaliz distentsioa bultzatu nahi duen, tenk-tenk dagoen nazioarteko panorama baretzeko. Edo sinpleagoa ote den kontua: Trump intelektualki zortzi urteko haur bat dela jabetuta, Xi Jinpingek pelutxe pare bat utzi nahi izan ote dizkion, haiekin entretenitu dadin Asiako erraldoiak munduko lehen potentzia bilakatzeko bidea lasai-lasai egiten jarraitu bitartean.