McDonostia

Gorka Bereziartua
0

Ez hain aspaldiko garaietan, eskola-atarian droga saltzeko asmoz zebilen morroia izaten zen guraso orok ezpataz erdibituko lukeen piztia mitologikoa. Ez hartzeko ezezagunek eskainitako karamelurik, porroekin hasi eta heroinan buka zenezakeela; horrelako historia –ez beti erabat paranoikoekin– belarrijana franko izan genuen nerabe garaian. Horregatik lasaitu nau Donostiatik datorren notiziak, izan ere, pentsarazi dit, eguneroko albisteek seinalatzen duten norabidearen kontra, gauzak ez direla beti okerrerako aldatzen. Aldatzen da eskola-atarian saltzen duten merka, baina kontuan hartuta lehengo haur eta gazteek eduki zitzaketen bizioen aldean Easo Ederraren erdiguneko guraso prestuen loa zer mamu beltzek nahasten duen orain, kontxo, gaur egungo problemak eramangarriagoak iruditzen zaizkit.

Asuntua zera da: McDonald’s bat ireki behar dutela Aldapeta Maria ikastetxetik –alegia, marianistetatik– pauso pare batera. Ez edozein McDonald’s gainera, mega McDonald’s bat baizik: 530 metro koadroko lokaltzar bat, zeinak rifa guztiak erosi dituen kolesterola adoratzeko tenplu bilakatzeko, Gipuzkoako gantzaren katedrala, Irutxuloko koipearen sancta sanctoruma. Eta eskolako haur eta gazteen gurasoak moskeatu, noski.

Nik uste kontu honek Donostian zer eragin duen ondo ulertzeko arazoa dimentsionatu beharra dagoela: imajinatu ezazue Godzilla vs. Kong pelikularen antzeko zerbait, zeinean marianisten frankizia agertzen den lehenbizi eszenan, hiriaren erdigunean atzaparka eta orroka, kristau hezkuntzak paraje hauetan jarri duen pepinorik handienarekin –orotara 18.000 metro koadroko eraikuntza: Donostiako metro koadroaren prezioa ezagututa, ba, imajinatu prezioa–. Eta juxtu Godzillak dena bereganatua zeukala zirudienean, punba, kapitalismo usamerikarraren markarik ezagunenetako bat agertzen zaio parean, orro are ozenagoak eginez, bularrari kolpeka, patata frijituak oka eginez eta berak bai, berak dena txikituko duela argi utziz. Nork irabaziko duen ez dago argi. Hiri osoa txikimila puska eginda uzteko gai direla, aldiz, bai.

“Ez dugu eskatuko helduei McDonald’s batean jatea debekatzea, baina galdetu nahi dugu ea egokia den horrelako ezaugarriak dauzkan makro-hanburgeseria bat instalatzea 2.200 ikasle dauzkan eskola baten atarian”, adierazi dute marianistetako zenbait gurasok. Kexu dira beren seme-alabek zabor-janaren publizitate hardcore samarra jasango dutelako egunero eta, bale, gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da (Mateo 4:4), baina meriendaren orduan BigMac bat parean tokatuz gero, basamortuko proba pasatzera joandako Jesukristok ere hozka egingo lioke; beraz, eroriko ez dira ba tentaldian Donostiako eliteen oinordekoak?

Ulertzekoa da beldurra: lasaikeria kulinariotik lasaikeria moralera pausotxo bat besterik ez dago –porroetatik heroinara bezala, gutxi gorabehera– eta hanburgesa horiek, epe luzera, Donostiaren gizarte-bizitza gidatzeko jaiotako klasea barrutik usteldu dezakete. Hiriaren lidergoa dago jokoan, ez al du inork ikusten? Batez ere: ez al du Jon Insaustik ikusten? Historia honek bere ertz politikoa ere bai baitauka eta, irakurri ditudan gauzak irakurrita, tankera hartu diot guraso aldapetar askok beren gizarteari buruzko ideiak kanalizatzeko erabiltzen duten erreminta nagusiarekin –alegia, EAJrekin– dezepzio handi samarra hartu dutela.

Hori sumatuko zuten Podemosek eta EH Bilduk ere, McDonald’s-aren kontra agertu baitira segituan. Lehenbizikoei bi Gaur Egun geratzen zaizkie gehienez, baina ezkerreko subiranisten kasuan, deskuiduan auzi honek irekiko die boto-merkatu berri baterako atea. Eslogan on bat behar, hori bai, problematika zehatz hau euren tradizio politikoan ondo kokatzeko. “Aldapeta (m) dietan jarrai”? Hum, igual beste buelta bat eman beharko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA