Otordu solidarioen onespen erlatiboaz

Gorka Bereziartua
0

Apokrifo izan zitekeen zure bloke bereko zazpigarren pisuan bizi den 94 urteko gizon erretxin samar baten izena. Erraz asmatu ahalko genioke harremanen bat Matusalenen kintoa izango den beste norbaitekin, adibidez hemendik pare bat astera denon ahotan izango den Eskrutinio kontable jubilatuarekin –gaztetan ondo moldatzen zirela, elkarrekin joaten zirela erromerietan eskeletoa astintzera eta abar; baina dantzan-dantzan, biak auzoko neskarik pinpirinena zen Fistularekin maitemindu eta, orduz geroztik ez omen zen modurik egon bien artean tarratatu zena berriro josteko–.

Zutabe osoa hitz hau eta bestea biografiatuz idazteko gogo handia eduki arren, ordea, eutsi diezaiodan gaurkoz tentaldiari eta gauzak hiztegiko irudimen murritzera errenditu ditzadan, kontu inportanteak esplikatu nahi baititut. Apokrifoa, beraz, egiazkoa ez den erreferentzia bat duzu: izan liteke idatzi baten egile asmatua; izan liteke egiazkotzat jotzen den testu %100 inbentatua. Eta lau kantoiko txanpona baino faltsuagoa izan arren, sarritan apokrifo batek gehiago adierazten digu errealitateaz bene-benetako datu lehorrak baino.

Hartu Napoleonek Elbako erbestetik Pariserako bidea hartu zuen momentua, adibidez. Alexandre Dumasek famatu bilakatu zuen titular-sekuentzia apokrifo baten arabera, Le Moniteur Universel egunkariak honela informatu zuen asuntuaz: “Gizajalea bere gordelekutik atera da” (1815eko martxoaren 7a); “Korsikako ogroa Golfe-Juanen lehorreratu berri da” (1815eko martxoaren 8a); “Tigrea Gapera iritsi da” (1815eko martxoaren 9a); “Munstroak Grenoblen egin du lo” (1815eko martxoaren 10a); “Tiranoak Lyon zeharkatu du” (1815eko martxoaren 12a); “Usurpatzailea hiriburutik hirurogei legoara ikusi dute” (1815eko martxoaren 15a); “Bonaparte urrats handiz dator aurrera, baina ez da inoiz Parisen sartuko” (1815eko martxoaren 18a); “Napoleon bihar izango da gure harresipean” (1815eko martxoaren 19a); “Enperadorea Fontainebleaura iritsi da” (1815eko martxoaren 20a); “Bere Maiestate Inperial eta Errealak bart gauean egin du sarrera Tuileriesko bere gazteluan, bere mendeko leialen artean” (1815eko martxoaren 21a).

Ez, titular horiek ez ziren benetan argitaratu, baina ondo islatzen dute prentsak eta botereari pegatutako zenbait gizarte-sektorek Napoleonekin nola jokatu zuten: zakurraren ipurdian zegoenean hari buruz deungaroak esateko prest bazeuden, korsikarraren ezpata euren lepotik geroz eta gertuago sumatu ahala enperadorearen belarriak eztiz igurzteko premia sentitzen hasi ziren. Horrela jokatzen baitute batzuek jende boteretsuarekin. Eta justu alderantziz berriz, pobre desjabetu zanpatuekin: badirudi zenbat eta gertuago, orduan eta zerrikeria handiagoak esan behar dituztela haiei buruz; zenbat eta urrutiago, orduan eta humanoagoak iruditzen zaizkie edo, gutxienez, indiferentziarik absolutuenarekin begiratzen diete: arduratu dadila arima ederren bat haiei jaten emateaz.

Itzulinguru luze hau joan den asteko notizia bat komentatzeko egiten ari naiz, egia esan: hamaika (11) urteren ondoren, Zaporeak proiektuak iragarri du sukaldeak hustuko dituela. Premia larrienean zeuden errefuxiatuak elikatu dituzte denbora honetan guztian eta, normala den bezala, agur esateko unea iritsi zaienean sukaldari solidario hauen lanak aho batez jaso ditu laudorioak. Zorionez Chiosen, Patrasen edo Lesbosen lan hori egitea txalotzeko modukoa iruditzen zaio oraindik mundu guztiari. Zoritxarrez, antzeko zerbait Donostiako etxegabeei laguntzeko egiten denean, sukaldari solidarioak terrorista arriskutsuak balira bezala tratatzen dituzte batzuek. Eta ez dakit zazpigarreneko Apokrifok zer asmatu dezakeen elkartasuna distantziaren arabera hain desberdin baloratzen duten alderdientzat, baina niri gustatuko litzaidake Eskrutinio behintzat hipokrisia horren praktikanteekin oso barkabera ez izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA