Asteazkenean lagun batek: “Baietz pelikula egin”. Txilen asteon lurpetik atera dituzten meatzariez ari zen. Bi egun pasa eta dagoeneko badugu berria: Antena 3 telebista kateak telefilma egin nahi du. Holywoodek ere egin du postura, antza. Javier Bardemen izena zabaltzen ari da meatzariaren rola jokatzeko.
Bata eta bestea nolakoak izan daitezkeen, ez da zaila imajinatzen. Herritar xeheak nazio osoarentzat, are, munduarentzat, heroi bihurtuko dira, ez aurretik ordu eta laurdenez sufrikario latza pasa gabe. Zuzendariak esango du zaila izan dela meatze-zuloko giro itoa islatzen —eta horretarako Rodrigo Cortesek Buried promozionatzeko erabilitako esaldiak oso baliagarriak izango zaizkio—; aktoreek argazkiak aterako dituzte meatzariekin eta esango dute hunkitu egin direla haien barruko indarra eta bizi-nahia ezagututa. Eta abar, eta abar.
Baina Txileko meatzariei buruzko pelikula ona ez da orain egingo. Alferrik puztuko du zinema industriak filmaren buxeta, debaldetan kontratatuko aktore garestiak. Istorioa idealegia da. Falta zaio, nire ustez, giza-kontraesanetan murgil egitea. Itxaron bost, hamar urte eta kontatu ahalko duzu nola gaur aparretan dauden langileak arrakastaz mozkortu diren eta miseria gorrienean bukatu duten (batzuk behintzat).
Tira, hori ere ez da oso originala. Clint Eastwoodek egin zuen Flags of our fathers pelikulan, Iwo Jimako “heroi”-ek txaloen ostean bizitako gainbehera pantailaratuz.
Txileko meatzariei buruzko film onik ez espero (oraingoz)
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Txileko meatzarien berria, behin eta berriro, (kapituluetan izango balitz bezala),agertzen ikusi nuenean, gauza bera pentsatu nuen: “laster honen pelikula bat egingo dute”. Gauza bat da berri bat ematea eta beste gauza bat da sentsazionalista eta eta propagandista izatea. Dena dela eta ondo pentsatuz gero, egin den propaganda horrexegatik guztiak bizirik ateratzea lortu dute eta hau da behintzat izan duen abantaila. Pelikularena ikusiko dugu…