Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Erregina-jelea - Zer da erlearen erregina-jelea?

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Erregina-jelea

Zer da erlearen erregina-jelea?

2007-01-26

   (Julio César Díaz-en “Erlea Gure Sendagile” liburutik hartua).

   Erregina-jelea erleek beren barruan jaregiten duten produktu bat da. Erle gazteek faringe azpiko eta barailetako guruinetatik jaregiten dute. Produktu hau estuki lotuta dago erlauntzean dauden ezti, polen eta ur kantitateari; eta baita tenperaturari eta dagoen kume kopuruari ere.

   Erlauntza barruan erregina-jelea janaritzat erabiltzen da. Arrautza moduan ernetzen direnetik, larba guztiak erregina-jeleaz elikatzen dituzte erleek. Langileak elikatzeko erabiltzen den jaleak polen pixka bat dauka gainera. Larba fasearen hirugarren egunetik aurrera, langileak eta erlamandoak ezti, polen eta urez egindako nahasketaz elikatzen dituzte.

   Erreginagai diren larbak erregina-jeleaz bazkatzen dituzte beti, eta elikadura honek erabakitzen du arrautza batetik jaioko dena langilea izango den ala erregina. Janari hau dela medio erregina langile baten hamar edo hamabi halako biziko da, handiagoa izango da eta bere ugaltze-aparatua osorik garatuko du, hau da, ugalkorra izango da.

   Erregina-jelea da erlauntzeko amak –erreginak– jaio ondoko egunetan jaten duen elikagaia, hortik datorkio izena. Erreginari ematen dioten janariak lehen faseetan ez dauka polenik, eta aldiz, langileentzako ahiak bai. Ezberdintasun kimikoak ere hauteman dira langileentzako ahiaren eta erreginentzakoaren artean.        Erreginarentzako janariak bestearen sei halako Biopterina dauka, hamar halako Neopterina eta zazpi halako azido pantoteniko. Erreginentzako jelea hau da (eta ez langileentzakoa) erlauntzetik atera eta merkaturatzen dena normalean.

   Erregina-jelea likatsua da, zuri-krema kolorekoa eta zapore garratzekoa. Jogurt naturala gogorarazten du denetan. Betidanik jo da lehen mailako indar emailetzat, adineko jendearentzako batik bat. Hau egiazkoa da eta frogatuta dago, baina hala ere argitu behar da jeleak organismoari adinagatik, nekeagatik edo gaixotasun luzeagatik galdutako indarrak berreskuratzen dizkiola; aldiz, pertsona horri ez dio emango sekula izan ez duen indarrik.

   Erregina-jelea dietaren osagarritzat hartu behar da eta kasu bakoitzean medikuak ezarritako tratamenduaren lagungarritzat.

   Komertzioetan jelea hainbat modutan aurkeztuta aurki daiteke. Gogorarazi behar da erregina-jelea purua 4º C azpiko tenperaturatan gorde behar dela, edo zero azpitik, bere ezaugarriak gal ez ditzan.Tenperatura eta argiarekiko sentibera da eta bere hezetasun handiagatik (%68) erraz usteltzen da. Garraztasun handia duenez, metalak kaltetzen ditu, eta horregatik plastiko edo beirazko ontzietan gorde behar da.

   Erregina-jelea erosterakoan ziurtatu behar dugu hotz-katea ondo jarraitu duela, eta ez dutela denda bateko apal batetik hartu.

   Eztiarekin homogeneizatuta ere saltzen dute, %1eko jelearekin. Holakoetan eztiak egiten du estabilizante lana eta hotzetan gorde beharrik ez da. Aldiz, bai komeni da argi betetik urruntzea eta hermetikoki estalita edukitzea (estabilizatzen duen eztiak inguruko hezetasuna xurgatzen baitu).

   Krema edo pomada gisa ere eskaintzen da. Kasu honetan, duen formulazioari erreparatu behar zaio, jelea bakarrik berez ez baita gauza larruazala zeharkatu eta eragiteko. Osaketan eztia, polena eta propolia baldin baditu, orduan bai eragingo du. Liposomaketa prozesua da horretarako beste modu bat.

   Laugarren sistema bat da ohikoena: erregina-jelea liofilizatua (hotzean deshidratatuta). Honela prestatuta oso egonkorra da, baina hau da gutxien gomendatzen dena, zeren eta liofilizatze prozesuak produktuaren sendatze ahalmenari kalte egiten baitio.

   Dosiei dagokienez, erregina-jelea freskoa hartzekotan, arto ale bat adinako tanta bat hartu behar da egunean bitan, minutu batzuetan mihi azpian urtzen utziz. Hau da jelea hartzeko modurik gomendagarriena: era honetan zuku gastrikoei ihes egin eta gibeletik barrena pasatzeko lehen aldia saihesteagatik, bestela digestioan hondatuko liratekeen osagai batzuk kontserbatzen dira eta askoz hobeto aprobetxatzen.

   Eztiarekin %1ean homogeneizatuta baldin badago (hau da nahasketarako tamainarik onena) aholkatzen da egunean bi kafe-kutxarilkada hartzea.

   Krema eta pomadak egunean bitan emango dira, larruazala zaintzea edo garbitzea, edo eta kosmetika kontua baldin bada. Patologia bereziak izanez gero, bere dosia ere berezia izango da, kasu bakoitzaren araberakoa. Normalean nahasketa hauek eztiarekin estabilizatutako jelea edukitzen dute, eta horrekin larruazala leuntzen dute.

   Liofilizatutako jelea aukeratu bada –berriro diot, desegokiena hauxe da– prospektuan ikusi behar da pilula edo kapsula bakoitzak zenbateko kopuruan daukan, eta horren arabera antolatuko da dosifikazioa.

   Erregina-jeleari ezagutzen zaizkion osagaiek ondo justifikatzen dituzte bere eragin onuragarriak. Horrela, zehaztu ahal izan da badituela hormona femeninoak (estradiola eta progesterona) eta baita maskulinoak ere (testosterona). Polenarekin geroago egingo dugun modutsuan, hemen derrigor aipatu behar dugu jatorri begetala duten hormonek ez dutela eragin kolateralik, kalterik ez dutela eta jariaketa endogenoaren guruinen jariaketa erregulatzen dutela. Hots, erregulatzaileak dira, eta ez (hormona sintetikoekin gertatzen da honela) ordezkatzaileak.

   Badu gamaglobulina ere (organismoak duen berehalako defentsa baliabidea). Honek ez du gizakiaren odolak duen gamaglobulinarekin antigeno moduan jokatzen; beraz, animaliatik eratorritako globulinekin gertatzen denaren alderantziz, ez du alergiarik eragiten.

   Baditu 20 aminoazido (proteinak osatzen dituzten gaiak), horien artean gizakiarentzako funtsezkoak diren hamarrak.

   Mikroelementuak kopuru handian dauzka erregina-jeleak, giza osasunarentzako gero eta garrantzitsuagotzat jotzen direnak: Burdina, Urrea, Kaltzioa, Silizioa, Magnesioa, Manganesoa, Nikela, Zilarra, Sufrea, Kromoa eta Zinka.

   Antibiotiko naturalak ere baditu bere osagaietan. Eta hipergluzemia eragiten duen printzipio bat ere badauka; hau dela eta, diabetikoarentzako kontraindikatuta ez dagoen arren, ez da beretzako oso gomendagarria.

   Neurri txikiagoan erregina-jeleak baditu albuminak (proteinak), koipeak, azukreak eta bitaminak ere.

   Osagai nagusietako bat 10-hidroxidozenoikoa da, eragin immunomodulatzaile handia duena; jelearen kalitatea kontrolatzeko erabiltzen da osagai hau. Giza osasunarentzako oso balio handia duen arren, oraindik ez da lortu laboratorioan behar bezain merke sintetizatzea. Aldiz, erlauntzeko produktuek (jeleak eta polenak batik bat) ugari eta erosteko moduko preziotan eskaintzen dute.

   Erregina-jelea organismoaren funtzio guztientzako bioestimulatzaile naturala da. Burmuina bizkortu egiten du, ahalmen intelektuala eta errendimendu fisikoa handituz.

   Daukan azido 10-hidroxidozenoikoagatik, immunomodulatzaile eta antiseptiko eraginkorra da.

   Jan-edanean ditugun urritasunak berdintzen ditu erregina-jeleak, batez ere aminoazido, mineral eta zenbait bitaminari dagokienean. Sano dagoen pertsonari errendimendu fisikoa eta intelektuala hobetzen dizkio, bi alderdiotan nekagaitzago bihurtuz, batik bat lan askoko garaietan. Oro har, defentsa sistema sendotzen dio. (...)

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan