Gau Beltzari argia emateko kandelak prest

erleekin-dantzan
0

 Niklas Ohlrogge-en argazkia, Unsplash

 

Santu guztien eguna iristear da, eta horrekin batera hainbat errito zahar ospatuko dira han eta hemen. Antzina, egun horretan eta hil zintzoen egunean zehar, Gipuzkoako baserri askotan argizaiola-kandela pizteko ohitura zegoen. Eukaristiak irauten zuen bitartean, baserrietako jabeak argizaiola birarazteaz arduratu behar ziren garra piztuta mantentzeko, etxeko suaren eta hildakoen oroimenez. Gauza jakina da nortzuk arduratzen ziren argizaiolaren kandelarako argizaria egiteaz: erleak. Garai hartan, erleak animalia oso preziatuak eta ohikoak ziren baserrietan, etxekoentzat argizaria, eztia, eta beste hainbeste oinarrizko produktuak ziurtatzen baitzituzten. Igartubeiti baserrian, esaterako, baserri zaharren bizimoduaren lekuko, erleek ganbaran haientzako gela propioa zuten! Erlea errespetu handiz tratatua izan da, beraz.

Erlea, animalia sakratua

Horren harira, Jose Miguel de Barandiaranen hitzak gogora datozkit: “Izaki Doneak izenez, Euskal Herriko zenbait lekutan, naturaz gaindiko dohaiak egozten zaizkien edo esanahi bedeinkatu bat duten animaliei eta landareei deitzen zaie”. Erlea dago Euskal Herrian, traidizioz, dohai bereziak eman eta benerazioz tratatua izan den animalia horien artean. Hainbestekoa zen erleari zitzaion miresmena, erlauntzara gerturatzerakoan, anddere ederra esaten zitzaiola erlauntza zabaldu aurretik. Eta haiei hitz egiterakoan hika egin ordez, zukaz egiten zitzaien. Bekatua zen erlea hiltzea, eta erlearen heriotza gertatuz gero, beste animaliak akabatu zirela esan ohi zen bezala, erlea hil zela esaten zen, gizakiaren tratu iguala jasoz.

Urteetan zehar errito paganoak eta kristauak nahasten joan ziren, ohitura xelebreak sortuz, betiere erleari errespetua adieraziz. Adibidez, zuhaitz edo harkaitz batean erlekume bat topatuz gero, toki horretan berean gurutze bat margotzen zen. Hainbat leku babesteko beharra zegoenean, Erramu egunean elizan bedeinkatutako sahatsaz egindako gurutze bat jartzen zen erlauntzan. Erleen jabea hiltzen bazen ere, haren senide edo auzoko norbait erlauntzera joaten zen, erlauntzaren tapan jotzen zuen eta erleei esaten zien: “Jatzar zie, etxeko buruzagia hil zaizie”, erleek argizari gehiago egin zezaten hildakoaren hilobian erretzeko.

Aurten, Santu guztien bezperan, tradizioari eutsi nahian eta Gau beltzaren izpiritu paganoarekin bat eginez, erleen argizariarekin egindako kandela bat piztuko dut. Ez dauden senideak gogorarazteaz gain, heriotza eta bizitzaren arteko tartea oso laburra dela omenduko dut. Alegia, gogora ekarriko dut neguan landare eta animalien heriotzaren ondoren materiak berriro jaiotzeko duen gaitasuna, hiltzea bizitzaren ziklo naturalaren barruan dagoelako. Erleek ederki dakite hori. Negua iristear da eta horrekin haien heriotza gertu da, udaberrian berriro ere berpizteko zain. Merezimendu handiz, nire anddere ederren omenez ere piztuko dut aurtengo kandela.

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA