Elkarrekin hegan egiteko garaia da

erleekin-dantzan
0

William Warby-ren argazkia, Unsplash

Michell Masset Frantziako ezker taldeko senatariak, Liztor Asiarraren kontrako Plan Nazional bat garatzeko lege-proiektua aurkeztu berri du Frantziako Senatuan. Helburua: estatu mailan liztor asiarrari aurre egiten dion lege bat proposatzea. Liztor asiarraren kontra egiteko plan honek estatu osoa hartzen du kontuan, eta era koordinatuan egingo da. Proposamen aitzindaria da Europan.

Zeruak ez du mugez ulertzen, erleek eta liztor asiarrek ere ez. Horrexegatik pasa den apirilaren 15etik nire erleak txaloka hasi dira, iparraldeko haizeei esperantzaz beteta begira, eta haien burutxoetan gira-bira desira bat: noiz iritsiko dira honaino halako proposamenak?

Gipuzkoan urruti gaude, momentuz. Iaz Bidasoako Erlezain Elkartetik saiatu ginen Aldundiarekin eta eskualdeko udalekin koordinatzen, indarrak batzeko eta elkarrekin liztor asiarrari aurre egiteko. Kabien puntu beroetan tranpa ugari jartzea izan zen gure proposamena, herritar boluntarioen laguntzaz baliatuz. Hainbat udalek ez zuten parte hartu nahi izan proposamenean, Aldundiaren eta udalen arteko konpetentzietan gatazka sortzeko beldurrez. Esperantza piztu zitzaigun Aldundiak ikerketa batean parte hartzea proposatu zigunean; liztor asiarrak harrapatzeko tranpen eraginkortasuna baloratzeko hain zuzen ere. Ez zitzaigun ematen jarri nahi genituen behar adina tranpa, baina tranpak jartzearen garrantziaz kontziente zirela zirudien. Hortaz, 2024ko udaberrira begira, eta liztor asiar erreginak harrapatzeko materiala lortzeko, Aldundiko aurrekontuetan diru-partida berezi baten aurreikuspenaren beharra adierazi genuen.

Aurten, Aldundiaren aurrekontuetan ez da egon liztor asiarrari aurre egiteko diru-partidarik. Ez dugu baliabide materialik jaso, beraz, ez da aukerarik egon puntu beroetan tranpak jartzeko eta horren eraginkortasuna ikertzeko. Berriz ere ingurumena babesteko aukera galdu dugu. Sentsazioa dut oraindik ez dela guztiz ulertu liztor asiarraren kaltea ez dela soilik erlategiei eragiten dien arazo bat. Erlategietan, hobeto edo okerrago, ahal dugun moduan aurre egiten diogu liztor asiarrari, eta gure ezti-erleek gutxienez erlezainok jartzen ditugun babesen laguntza jasotzen dute. Aldiz, basatiak diren polinizatzaileak ez ditu inork babesten, eta liztor asiarra hor ere bada arazo. Baina hori demostratzen duen ikerketa bat egiteko diru-partidarik eta interesik ez da egon. Gure instituzio publikoek ostrukaren jarrera dute: arazoa ikusten ez bada, ez dago arazorik.

Esperantzarako haizeak mendebaldetik ere

Durangaldean gure ametsa praktikan jarri berri dute, eta benetan poztu naiz: eragile publiko eta pribatuak amankomunean lanean ari dira liztor asiarraren kontra, hain zuzen Atxondoko Erlete Eztiola Elkartea, Urkiola Landa Garapena, Bizkaiko Aldundia eta hainbat udal eta biztanle boluntario. Guztien arteko elkarlanari esker 4000 liztor asiar erregin harrapatu dituzte apirilean zehar. 4000 kabi gutxiago, 40.000.000 liztor asiar gutxiago… Ekaina arte jarraituko dute harrapaketarekin.

Nire erleak bezala, desira batekin nabil gira-biraka: noiz egingo dugu Gipuzkoan eragile guztiak elkarrekin hegan? Eta pilota gorago botaz: noizko liztor asiarrari aurre egingo dion Euskal Herriko lege bat?

ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.

Bidasoako Erlezain Elkartea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA