Art Institute of Chicago, Unsplash
Erlea animalia miretsia izan da historian zehar, eta ez dira horretarako motiborik falta. Horra hor hainbat adibide.
Historiaurrea. Gizakiaren eta erlearen arteko lehen kontaktua frogatzen duten aztarnak Afrikan, Asian, Europan eta Australian topatu dira. Horren margorik famatuenetako bat K.a. 8.000-6.000 urtean kokatzen da, Cueva de la Arañan, Bicorp-en (Valentzia). Bertan ikus daiteke eztia kabiatik jasotzen eta erlez inguraturik dagoen gizaki bat. Garai hartan gizakiek ez ziren gai erlauntzak sortu eta erleak zaintzeko, beraz, erle basatiei etxea suntsitu eta eztia lapurtzen zieten, erleen haserrea piztuz. Merezi omen zitzaien bildutako eztia jasotako ziztaden truke…
Egipto. Duela 4.000 urte egiptoarrek ontzi moduko erlauntzak egiten bazekiten, eta erlezaintzan adituak ziren; hieroglifikoen bitartez jakin dugu hori. Erlea miresten zuten: erleak omen ziren desertuan Eguzki jainkoari, Ra-ri eroritako malkoak. Faraoia ere erleen errege tituluaren jabe zen. Eztia oso preziatua zen kosmetikan, eta bereziki medikuntzan erabilia zen zauriak eta erredurak sendatzeko. Ondutako eztiarekin garagardoa egiten zuten, eta propoliarekin hilotzak baltsamatzen zituzten.
Grezia. Aitzinako greziarrek uste zuten eztia jainkoen nektarra zela. Dirudienez, Zeus, Olinpoko jainko eta jainkosen nagusia, eztiarekin hazi zen. Hara noraino iritsi zen tipoa eztiari esker!
Alejandro Magno. Mazedoniako Alejandro III.a oso gazte hil zen, soilik 32 urterekin, inperioa zabaltzeko Babilonian libratzen ari zuen kanpaina militarrean zegoela. Bere jaioterritik 2.000km-ra harrapatu zion heriotzak, beraz, etxera usteldu gabe itzul zedin, eztiz beteriko ontzi handi batean sartu zuten bere gorpua. Primeran iritsi zen Alejandro Mazedoniara, gazte eta gozo-gozoa.
Napoleon. Bonaparte. XIX. mendearen hasieran Napoleon enperadoreak erlea bere estatuaren sinboloan bihurtu zuen, animalia txiki horiek arranoak, lehoiak edota beldurgarriagoak ziren hartzen parera jarriz. Napoleon Childeco I.an inspiratu zen, hamahiru mende lehenago Frankoen erregea izandakoa. Antza denez, honen hilobian 300 urrezko erle topatu zituzten. Napoleonek errege frankoari keinua egin nahian, bere koroazio egunean, Josefina emaztearekin, biak ala biak lis loreak ordezkatzen zituzten ehundaka urrezko erleak josita zeramatzaten jantzi dotoreekin agertu ziren. Denbora laburrean bandera, eraikin eta zigiluetan azaltzen ziren Borboien lis loreak Napoleonen erleekin ordezkatuak izan ziren.
Euskal Herria. Erlea dago Euskal Herrian, tradizioz, dohai bereziak eman eta benerazioz tratatua izan den animalia horien artean. Animalia sakratuak ziren erleak garai batean. Jose Miguel de Barandiaranek hala dio erlearen inguruan: “Izaki Doneak izenez, Euskal Herriko zenbait lekutan, naturaz gaindiko dohaiak egozten zaizkien edo esanahi bedeinkatu bat duten animaliei eta landareei deitzen zaie”.
Etorkizuna. Etorkizuna… Baina, ba al dute erleek historiaren parte izaten jarraitzeko etorkizunik? Orainaldian dugu gizakiok horren gakoa. Egun erleak eta haien biziguneak zaintzea ezinbestekoa dugu erleen eta gizakion historia osatzen jarrai dezagun.
ERLEAREN SALBAMENDU SAREAn parte hartu.