Urtero, abuztuaren amaieran, pena handiz ikusten ditut nire erle emeak sutsuki erle arrak, erlemandoak, etxetik kanporatzen. “Zoazte!” esaten dietela dirudi, “hemen ez duzue zer egin, zuen garaia amaitu da!”. Udazkena gerturatzen dela adierazten du horrek: erle emeak, langileak, janari erreserbak babesteko beharrezkoak ez direnak etxetik botatzen ditu. Udazkenean, estaltzeko beharra duen erregina berri gutxi egongo da, eta dagoenak ez du arrautzarik jarriko negua ate joka baitago. Beraz, ez dago arren beharrik udaberrira arte. Gizakiaren begiradarekin ikusita, une gogorra da niretzat, hain dira xarmantak erlemandoak!
Atsegin ditut erlemandoak. Erlauntzan tamainaz handienak, eztenik gabekoak, lasaiak, langileen mendekotasunean eta ardurapean bizi dira, arreben laguntza beharrezkoa dute elikatzeko. Eta erregina bat estaltzeko aukera suertatzekotan, estaldu bezain pronto zakila galdu eta hil egiten dira… Uf, bizitza latza erlemandoena… Sufritzen dut arrebek bortizki erlauntzatik kaleratzen dituztenean, eta anaiak behin eta berriro bueltatzen saiatzen direla ikustea… Une horretan etxera eramango nituzte hartz-hegaldun iletsu horiek! Gizaki emozional inozoa…
Bizitza paradoxa barregarri bat denez, pasa den astean sorpresa desatsegin batekin egin nuen topo erlauntza bat irekitzerakoan. Urriaren erdialdean geundela, erlemando arrautza pila topatu nituen bat-batean. Hain maitagarriak izanda ere, ez nintzen poztu erlemandoak ikustearekin. Ez zen albiste ona haien presentzia. Kaka, erregina galdu zela adierazi nahi zuen horrek.
Erreginarik ez zegoenez, erregina ordezkatzen saiatzen ari zen erle langile batek bere organo ugaltzaileak garatu, eta han eta hemen zebilen arrautzak jartzen. Zoritxarrez, erlemandoak ezin du erle langilea estali, eta horrekin azken honek ezin du emeak sortzeko espermarik jaso. Ondorioz, jar ditzakeen arrautzak soilik erle arrak sortuko ditu. Eta horixe topatu nuen: erlemandoen gelaxkak edonon.
Horrela utzi izan banu erlauntza, koloniak ez zuen biziraupenik izango. Erlauntza erlemandoz beteko zen, erle langileak pixkanaka hil egingo ziren, ez zen egongo langilerik nektar eta polena ekartzeko, ezta erlauntzaren garbiketaz eta mantenuaz arduratzeko ere, erlemandoei jaten emateko, janari erreserbak gutxitzen joango ziren… Epe laburrean soilik erlemandoak geldituko lirateke erlauntzan, guztiak gosez eta hotzez hil arte. Erlauntzaren jarraipena bermatzeko bide bakarra zegoen: bertako erle langileak udan sortutako erlauntza berri batekin elkartzea. Azken honek erregina izanda ere, langile gutxi zituen negua gainditu ahal izateko, beraz, pozik onartuko zituzten erle atzerritarrak. Hala egin nuen. Hatzak gurutzatuta dauzkat harrezkero.
Eskarmentuz ikasten da bizitzan, baita emozioen kudeaketaz ere. Erlauntza zanganero batekin egin behar den lana praktikan jartzeaz gain, bidean ikasi dut gizakion sentimenduek ez dutela tokirik naturaren zikloan. Eta erlemandoak, enarak bezala, udaberrian izango direla berriz bueltan.